Azpeitiko zenbait talde eragile Europako itunari ezezkoa ematearen alde agertu dira

uztarria 2005ko ots. 17a, 12:02

Taldeetako ordezkariak astearteko prentsaurrekoan
  • "Azpeitiarron eta Euskal Herriaren nahiak" ez dituela betetzen diote eta "Euskal Herriari eta euskal herritarren bizkar" eginiko Ituna dela
  • Igandean ezezkoa emateko sinatzaleen artean dira: Azpeitiko Bai Euskal Herriari, Azpeitiko Emakume Taldea, Azpeitiko Esait, Azpeitian Gazteok Zer!?, Euskal Herrian Euskaraz, Habea, Kale Gorrian...

Igande honetan Azpeitiarrek Europako itunari bai edo ez esateko aukera izango dugu. Horren inguruan Azpeitiko hainbat taldek euren iritzi bateratua eman dute (prentsaurreko batean aurkeztu zuten asteartean). Hona hemen euren arrazoiak itunari ezezkoa emateko:

"EZEZKOAREN ALDEKO EKIMENAREN ADIERAZPENA

Munduko eta Europako eskenatokian jokatzen du Euskal Herriak. Etorkizun hurbilean erronka handiak izango dira Europan eta ondorioz Euskal Herrian. Datorren igandean, Euskal Herriko herritarrok (hegoaldekoak) Europa Itun Konstituzionalari buruzko erreferendumetan parte hartzeko aukera izango dugu. Europar Itun Konstituzional honek ez ditu inolaz aintzat hartzen azpeitiarron eta Euskal Herriaren nahiak. Euskal Herriari eta euskal herritarren bizkar eginiko Ituna.

Hego Euskal Herriko herritarrok aurretik, Konstituzio espainarraren eta NATOren erreferendumetan Ezezkoa bozkatu genuen bezala, oraingoan ere, Itun Konstituzionalari EZ esango diogu.

Gaur Itun Konstituzionala errealitate bat da eta hemen bildu garenok Itun Konstituzional honi ezezkoa emateko konpromisoa hartzen dugu, Itun horrek ez dituelako herri eta hiritarron eskubide nazionalak, eskubide sozialak eta eskubide demokratikoak bermatzen.

Horregatik:

  • EZ esango diogu, estaturik gabeko nazioak desagertu eta hiltzera kondenatzen dituelako Europar Konstituzioak. Europar Batasunaren etorkizuneko filosofiak Autodeterminazio eskubidea arbuiatzen du. Itun Konstituzionalari herrien autodeterminazio eskubidea europar eskubide konstituzionalean barneratzea ukatzen duelako., Europako estatu gabeko nazioak desagertzera edo barneratuak izatera kondenatzen dituelako. Eta gainera, testu konstituzionalak ez du herrien definizioa zehazten eta garatzen dituen orientabide guztiak estatuak dituzte jomugan.
  • Ez esango diogu, Itun Konstituzional honek hizkuntza eta kultura dibertsitatea ukatzen duelako. Hau da, Europako milioika herritarren hizkuntza eta kultura eskubideak urratzen ditu. Europar Batasuneko 45 miloi gizon eta emakumeen hizkuntza eta kultura eremu ofizialetik at gelditzen dira, eguneroko zapalkuntzari aurre egiteko behar bezalako babesik gabe. Bestalde, selekzio ofizialak, eta beraz, euskal selekzioa osatzeko oztopo bihurtzen da, estatuei soilik uzten baitie selekzioak izateko aukera.
  • Ez esango diogu, Itun Konstituzionalari, bere lurraldean bizi diren herritar guztien eskubide sozialen aitorpena ez duelako jasotzen eta egun indarrean dauden hainbat lorpen sozial jasotzen ez dituelako; lan duina izateko eskubidea, babes soziala, etxebizitza… Itun konstituzionalaren arabera banan-banan deuseztuak izango dira.
  • Ez esango diogu, Itun Konstituzionalak herritarren partehartzea ez duelako ziurtatzen. Gure parte hartze zuzen bakarra Europar Legebiltzarra hautatzera mugatzen da, eta hori bost urtetik behin gertatzen da. Europar Konstituzioaren testuak herritarren parte hartze sistema bat proposatzen du, baina hori EBren helburuekin bat datozenekin soilik ziurtatzen da.
  • Ez esango diogu, Konstituzioak ez duelako sexuen arteko parekidetasuna jasotzen, eta beraz, diskriminazioa arautzen du. Honek esan nahi du Ebk ez duela mementuz berdintasuna erdietsi, eta jarritako bideek ez dituzte beharrezko irizpide, mekanismo eta araubideak ezarri E.Bren balore matxistak, androzentrikoak, desager daitezen. Esan behar dugu ez duela emakumearen aurkako indarkeriari aurre egiteko bitartekorik zehazten, ez eta gizon eta emakumeen arteko ordezkaritza politiko parekatua bideratzeko araurik finkatzen.
  • Ez esango diogu, proposatutako Konstituzioak ez duelako ingurumena ezta kontsumitzaileen eskubideak bermatzen. Bestalde, gaur egun, Europar Batasunako Instituzio ezberdinek ez dute ingurugune garbi eta osansuntsuaren eskubidea bermatzen, eskubide hau oinarrizko eskubideen kartan agertzen ez delako.
  • Ez esango diogu, Konstituzioak estrategia armamentistiko eta militaristari erantzuten diolako. Horrek esan nahi du, gastu militarra nahitaez handituko dela gastu sozialaren kontra, etorkizuneko europar ejerzitoa martxan jartzeak diru gastu multimilionario bat suposatuko baitu, enpresa armamentistikkoen onurarako soilik. Konstituzioak “defentsa politika prebentiboa” ezarriko duelako, bai nazioarteko politikan bai barne politikan. Konstituzioak NATO munduko politika inperialistaren koordinazio gune moduan mantentzearen alde jarzen da.
  • Ez esango diogu, proposatzen diguten Itun konstituzionalak segurtasunaren, justiziaren eta askatasunaren izenean, oinarrizko askatasunen mugatzea ekarriko duelako. Estatu hauek pentsamendu bakarra inposatuko dute demokraziaren eta adierazpen askatasunaren kalterako. Europar Batasunaren eremuan politika errepresiboak eta ukatzaileak areagotu dira.
  • Ez esango diogu, Konstituziorako testuak etorkinak ukatzen dituelako pertsona eta langile gisa. Ebren baitan jendearen arteko hierarkia bat sortzen du, era honetan lehen eta bigarren mailako hiritarrak zehaztuz, non eta arrazoi politiko eta ekonomikoengatik etorritako etorkin eta errefuxiatuei hiritartasun eskubidea ukatzen zaien, kasu askotan kriminalizatuz eta marjinatuz. Ebk planeta mailako Ipar eta Hegoaren arteko banaketa etnozentrista eta kapitalista bere mugen barne bersortzen du, hiritartasun kontzeptua kultur eta zibilizazioari lotuz eta ez borondate eta lan egiteko eskubidea zehazten duen erizpideari.

Sinatzaileak: Azpeitiko Bai Euskal Herriari , Azpeitiko Emakume Taldea, Azpeitiko Esait, Azpeitian Gazteok Zer!?, Askatasuna, Batasuna, Euskal Herrian Euskaraz, Habea, Kale Gorrian, LAB, Segi eta Urola kostako Bilgune Feminista".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide