Erniarraitz Bertsozale Elkarteak, bosgarren aldiz, Erniarraitz Bertso Astea antolatu du. Lau ekitaldi antolatu dituzte, eta nola ez, horiekin batera III. Bertso Paper Lehiaketa.
Gaur, otsailak 17, emango zaio hasiera aste bereziari. Zestoako Kultur Etxean mahaingurua antolatu dute, gaueko bederatzietarako. Zentsura bertsolaritzan landuko dute han bilduko diren Imanol Lazkano, Iñaki Murua eta Amets Arzallus bartsolariek. Moderatzailea Kepa Urbieta izango da.
Bihar , ostirala, 22:30ean jaialdi berezia eskainiko dute, Bertso, musika, antzerki... emanaldiarekin. Gainera III. Bertso Paper Lehiaketaren irabazleak nortzuk diren esango da, eta horrez gain "ustekabeko atsegina" iragarri dute. Mendizaleen tabernan izango da.
Otsailaren 25ean, Literatuzta taldekoek eta Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Ion Maia bertsolariek prestatutako emanaldia eskainiko dute. Literatura aprobetxatuko da gaia jartzeko eta bertsolariek horien inguruan botako beharko dituzte bertsoak. Taxian bidaiatzen duen korbata izena jarri diote.
Eta azkenik, Bertso Astearekin amaitzeko, bertso poteoa antolatu dute Azkoitian otsailaren 26rako. Erniarraitzeko bertsolariak Izer eta Alabierrek lagunduta egingo dituzte lanak, arratsaldeko seietatik hasita.