Gaur, otsailak 20. Gaur bi urte itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Armekin. Harrokeriaz. Injustizia osoz. Hori dena, Espainiako Estatuak.
Baina Egin ere itxi zuen. Egin Irratia ere bai. Eta Jarrai, Haika eta Segi legez kanpo utzi zituen, Batasuna ere bai, Udalbiltza ere bai... Eta ilara, luzea da: Joxemi Zumalabe Fundazioa, Askatasuna, Ardi Beltza, Xaki, Herri Batasuna...
Kasu horiek denak makrosumario batean ditu sartuta Espainiak. 260 lagun inguru daude inputatuta. Atxilotuak izan dira, asko torturatuak izan dira, asko preso sartu dituzte, ia denek berme handiak ordaindu behar izan dituzte kartzelatik irteteko edo bertan sar ez zitzaten... Haien artean badira azpeitiarrak: Garikoitz Etxeberria Kafe (lau urtean daukate preso), Mikel Azkune...
1, 8 eta 9. Zenbakiak. Historiari begiratu eta jokoa ematen dutenak. Adibidez, aipatutako auziari, 18/98 deitu izan dio Espainiak.
Eta kendu barra eta: 1898. Urte adierazgarria Espainiaren historian. Ameriketako Estatu Batuen kontrako gerran hasi zen eta, ondorioz, Ameriketako azkeneko koloniak galdu zituen (Kuba eta Puerto Rico), eta Filipinak ere bai. Horrek Espainiako erregimenaren egoera zaildu, ahuldu egin zuen. Ordu arte haien erregeak eta gobernuak oso ahalmen handiak zituzten botere guneetan. 1898an eragina galtzen hasi ziren, eta, bide batez, mugimendu sozialak indartzen. Euskal Herrian ere indartuz zihoan nazio kontzientzia. 1876tik 1898a artekoa aro zaila izan zen hemen, 1876an foruen desagerpenagatik hein handi batean (dena den, subiranotasunaren galera XVI. mende hasieratik dator, Nafarroa indarrez konkistatu zutenetik; ezin ahaztu). Baina XIX. mende bukaera-bukaeran nazio kontzientzia hartzeko prozesua hasi zen.
Geroztik, diktadurak, gerra, gerra zikinak... jasan ditu Euskal Herriak, baina kontzientzia sendotuz joan da, zabalduz. Eta egin jolas zenbakiekin eta: 1998. Urte esanguratsua: Lizarra-Garazi akordioa, Euskal Herriaren aldeko indarren artean. Herritik naziora bidean beste pauso handi bat. Ez da kasualitatea Espainiak urte hartan hasi izana Euskal Herriaren kontrako beste gurutzada bat. Egunkaria-ren itxiera gaur bi urte, katearen begi bat baino ez zen izan; beste bat. Orain, Jarrai-Haika-Segi epaiketa, epaien ilarararen hasiera.
'18/98'-ri +
jarri dio talde batek, eta 18/98+ herri ekimena aurkeztu zuten duela aste batzuk, eskubide zibil eta politikoen alde konpromisoak hartzeko. Atzo ekimen horrek batzar garrantzitsua egin zuen Donostian, Kursaalen: oso ordezkaritza plurala zegoen, eta aretoa, lepo (2.000 lagunetik gora). Han ginen azpeitiar asko. Hain zuzen, Azpeitiko 18/98+ taldea orain egun batzuk aurkeztu zen. Injustiziaren aurrean isilik ez gelditzeko, injustiziari aurre egiteko.
1898an Espainiak galdu egin zuen. Harrezkero, barrukoari eusten egin ditu ahaleginak, barruko nazioei eusten: Euskal Herriari egurra emanez, esaterako (frankismoa, GAL, 18/98...). 19/98+ ekimena ez da proiektu politikoa, giza eskubideen aldekoa baizik, baina atzo Kursaalen bildu ziren eragile askok erantzukizun eta ardura politikoa dute. Euskal Herriak konponbide demokratikoa behar du, azkenean inor ez izateko galtzailea eta zapaldua (zein da galtzailea eta zapaldua benetako demokrazian?), baina horretara iristeko, Espainiak orain galdu egin behar du 18/98 auzia dela eta.
Jakina, 31 eskutik haiek dute orain ere eta nahi dituzten epaiak emango dituzte, baina Euskal Herriak aurre egin behar dio horri guztiari: mobilizatuz, elkartasuna bultzatuz auzipetuekiko (humanoa, ekonomikoa...), komunikatiboki hemen ez ezik atzerrian ere auziaren ankerkeria zabalduz, epaitegi eta entzutegietan buru-belarri eginez lan... Azkenean, eragile politikoei begira, giro eraginkor hau sortzeko: justiziaren arloan euskal herritarrok eduki behar dugu ahalmen erabatekoa, hemengo kasuak hemen erabakitzeko, ez Madrilen (eta ez Parisen).
Ekimen zabal, bateratu eta antolatuaren bidez giro eraginkor hori sortuta hasiko da galtzen Espainia. 18/98k nolabait beste 1898 bat izan behar du harentzat. 1998tik gerra polizial, judizial eta politikoa planteatua dio Euskal Herriari eta galdu beharra dauka. Ezinbestekoa dugu aurrera begira. Euskal Herria ez baita Espainiaren kolonia.
Denon esku dago. Eta 18/98+ ekimeneko + hori, zu zara. Izan ere, 1+1=2 dira. 2+1=3. 3+1=4...
Larunbatean (hilaren 26an) manifestazioa izango da, Bilbon (17:30, Casilla). Goazen!