Jesulagunen Lagundiak eta Foru Aldundiak Loiolako Santutegiaren erabilpena beste 60 urtez jesulagunen esku uztea hitzartu berri dute. Koldo Alzibar, Loiolako Santutegiko erretorearen esanetan "hitzarmen garrantzitsua" da. Alzibarrek irailean urtebete egin zuen Loiolan erretore. Lehenagotik urte askoan irakasle lanetan ibili izan da hainbat ikastetxetan; "euskara eta erlijioa irakatsi izan ditut", dio.
Jesusen Lagundikoentzat 60 urtez luzatzea Loiolako Santutegiaren erabilpena garrantzitsua da, ezta?
Bi arrazoi garrantzitsu ikusten ditut nik Loiolatik begiratuta. Batetik, hitzarmen honek jesulagunoi hemen bizitzen jarraitzeko aukera ematen digu, bizitoki edo etxe bezala. Jende askok, tartean nik, hemen egin genuen nobiziatua eta jesulagun bezala gure lehen pausoak Loiolan eman genituen. Aurrera begira, adin batera iritsi garenez eta gaixotegia ere etxe honetan dugunez, normala izango litzateke hori. Askok esaten dugu ez litzaigukeela asko inportako azken urteak hemen pasatzea.
Bestetik, hitzarmenak aukera ematen digu, Inazioaren etxe inguruan egonez, jesulagunen eta Inazioren karisma azaltzeko. Guk kanpora ere ematen ditugun zerbitzuak espiritualitate mailan, kultur mailan eta turismo mailan indartuz.
Gaur egun zenbat jesulagun zaudete Loiolan?
Gutxi gorabehera 70 jesulagun gaude. Erdiak-edo gaixotegian daude. Han 30-32 lagunekin, hamabost erizain eta auxiliar ditugu lanean. 65 urtetik beherakoak 5-6 besterik ez gara.
.60 urte asko dira. Zerbait aldatu da aurreko hitzarmenetik oraingora?
Ez, hitzarmena eraikinaren lagatzea da. Baina gauzak finkatu egin dira. 1767an Carlos III.ak Jesulagunak Espainiatik bota zituen, eta gero, Aita Santuak Jesusen Lagundia debekatu eta desegin zuen. Orduan Loiolatik joan egin behar izan zuten, eta zati bat eraiki gabe gelditu zen (ezkerreko aldea). 1885ean San Inazioren santutegiaren jarraitzaileak Compañía de obras de Loiola elkartea egin zuten. Eta beregain hartu zuten Santutegia bukatzea, eta ordainetan, haiei utzi zien Aldundiak eraikinaren erabilpena. Gero, 1945ean berriztatu zen hitzarmena, baina besterik gabe. Orain Jesusen lagundiak obra nueva eraikuntza berria deitzen dena eman dio Aldundiari eta hark eraikinaren erabilpena utzi dio Lagundiari.
Zer da hitzarmenean Jesulagunen erabilpenerako gelditzen dena?
Loiolako Santutegi osoa, etxe santua eta Dukearen etxea kenduta, diputazioarena da, eta berea dena uzten digu. Eraikin horren barru ditugu: liburutegia, 150 mila ale inguru dituena, oso aberatsa da, batez ere artxibo historikoa. Orain dena fitxatzen eta internetera pasatzen ari gara. Jesulagunok utzi nahi dugun ondarea da, garrantzitsua izango da. Gero, basilika ere hortxe dago, eraikuntza aldetik Gipuzkoan altxor bat da. Horrelako erai-kuntza bat ez dago edonon. Zoragarria da, ederra, eta normalean nahikoa beteta egoten da gainera. Eta, irratia ere hementxe dugu.
Loiolak turista asko erakartzen duela eta ahalegin bat egin behar dela diozu.
Bai, noski, ahalegina egin behar da. Orain Udalak eta Iraurgi Lantzen ari dira horretan. Gainera, ez da erlijio aldetik bakarrik ezagutarazi behar, baita kultura eta turismo aldetik ere. Eta, nire ustez, barrualdea ez dago asko sustatuta. Urtean 100.000 pertsona inguru etortzen da hona. Esaterako, A-8 autopistan bertan, Loiola adierazten duen seinalerik ez dago.
Etxe Santura etortzen diren bisitariak hartzeko, oinarri teknologiko berria jartzekotan gabiltza. Azaroan edo jarriko dugu. Datorren jendeari harrera hobetzeko asmotan egingo dugu, oraindik ere lehengo magnetofoi zaharrekin jarraitzen baitugu. Garate anaiaren Errekarte baserria ere izugarria da, XVIII-XIX. mendeko baserriak nolakoak ziren ikus daiteke han.
Espiritualitate etxeetara ere jende asko etortzen da Loiolara.
Gogartetxea eta Arrupe etxeak dira horiek. Iaz 6.000 pertsona pasatu ziren. Gehienak San Inazioren gogojardunak egitera etortzen dira. 2006an Gogojardunen Kongresu Historikoa egingo da Loiolan. Mundu guztiko jendea etorriko da, garrantzitsua izango da.
Sorpresa izan da baita ere, Loiolan dugun aterpetik 3.000 pertsona pasatu izana. Berez, gazteentzako aterpea da, parrokia inguruko taldeak eta ibiltzen dira.
Datorren urtean San Inazio hil zeneko 450. urteurrena da. Zerbait berezirik ari al zarete prestatzen?
Udalarekin, Iraurgi Lantzenekin eta Aldundiarekin lantzen ari gara, 2006ko San Inazio hil zeneko 450. urteurrena. Ez dugu gauza gehiegirik egingo, azaroan 500 urte beteko baitira Xabierko Frantzisko jaio zela. Loiolan, zerbait egingo dugu: ekaina eta uztaila bitartean, zerbait antolatzeko asmoa dago.