Pertsona bat hil da auto eta kamioi baten arteko istripuan

Uztarria.eus 2005ko ots. 24a, 10:02

Garabiak baztertu du istripua izan duen kamioia.
  • Goizeko 07:50ean Eskustatik Lasao artean auto eta kamioi batek aurrez aurre jo dute elkar; kotxe gidaria, 31 urteko zarauztarra, hil egin da
  • Oraindik (09:15) tarte horretan errepidea norabide batean itxita dago eta Ertzaintza paso alternatibo bat ematen ari da
  • (10:45) Itxitako norabidea ireki dute, autoa eta kamioia eraman ondoren
  • (12:00) Informazio gehiago Urola Kostako Hitzaren web gunean

Goizeko 07:50ean, Azpeititik Zestoarako errepidean (GI-631, Eskusta eta Lasaoko gasolindegia artean) auto eta kamioi batek aurrez aurre jo dute. Ondorioz auto gidaria, 31 urteko zarauztarra, auto barruan harrapatuta gelditu da eta gero hil egin da; kamioiko gidaria, berriz, zaurituta dago.

Istripua gertatu bezain laster suhiltzaileak eta anbulantziak joan dira hara. Ertzaintzak, berriz, norabide bietan errepidea moztu du autoa eta kamioia baztertu bitartean. Ondorioz, auto ilada luzeak sortu dira bi norabideetan.

Orain (09:15ean) norabide bakarrean dago irekita Azpeititik Zestoarako errepidea, baina Ertzaintza "paso alternatiboa" ematen ari da autoei. Ertzaintzak jakinarazi duenez, istripua izan duten autoak errepidetik atera arte errei bat itxita egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide