Garikoitz Etxeberria Kafe-k lau urte igaro ditu espetxean, epaiketarik gabe. Joan den ostiralean atera zuten, behin-behineko kartzelaldiaren gehieneko epea beteta. Etxeberria Jarrai- Haika-Segi auziaren baitan epaitzen ari dira, beste 42 kiderekin batera. Gaur ere Madrilen da, epaiketak aurrera jarraitzen duelako.
Lau urte kartzelan igaro dituzu, eta orain irten duzu handik. Nola joan dira lehen egunak?
Sentsazio nahasiz beteriko egunak izan dira. Alde batetik, ez nuen espero kartzelatik irtetea, fiskalak egindako 126 eguneko luzapena onartuko zutela uste bainuen. Ez nengoen prestatua ateratzeko. Oso pozik nago kalera atera eta berriro Euskal Herrira eta Azpeitira bueltatu naizelako. Baina beste alde batetik, nirekin batera epaitzen ari diren batzuk oraindik espetxean daude eta hori ez dut ahazten.
Epaileak aske zeundela esandakoan zer sentitu zenuen?
Sentimendu kontrajarria izan zen. Alde batetik sekulako poza, lau urtez kartzelan egon naizelako, zer leporatzen didaten zehazki jakin gabe. Gure aurka sekulako injustizia egin dute. Baina ni kanpoan egon arren, ezin da ahaztu, oraindik kartzelan jende asko dagoela, antzeko injustiziengatik.
Espetxetik atera eta Azpeitira bueltan etorri zinen.
Ostiralean, Madrildik 20:30ak aldera irten ginen. Nire bila gurasoak eta lagunak etorri ziren. Handik atera bezain laster autoz Azpeitira etorri ginen. Hona iritsitakoan Orkatzera joan ginen denok, eta bertan gure zain zeudenekin egon nintzen: lagunekin, aspaldi ikusi gabekoekin...
Harrerak, aspaldi ikusi gabeko jendea eta abar aipatu dituzu. Egun eta erdi bakarrik egon zara herrian. Gauza asko egin dituzu oso epe laburrean.
Bai, hala da. Ni kalean nago epaiketa oraindik ez delako bukatu eta behin-behineko kartzelaratze epea bukatu egin delako. Igandean [herenegun] berriro Madrilera joango naiz, eta Azpeitian egin dudan denboran lagun askorekin egoteko eta gauza asko egiteko aukera izan dut. Hala ere, gauza gehiago egin eta ikusi nahi nituen. Egia esan, oso motza eta azkarra izan da dena.
Herria nola ikusi duzu?
Egia esan, ez dut denbora gehiegi egin herrian, egun eta erdi. Ez dut asti gehiegirik izan. Hala ere, ez dut uste lau urte hauetan asko aldatu denik.
Kartzelan egon zaren lau urte hauen zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Gezurra badirudi ere, lau urte hauek oso aberasgarriak izan dira, nahiz eta barruko egoera samurra ez izan. Kartzela barruko egonaldia duintasunez eraman dut. Jende asko ezagutu dut, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izateko aukera izan dut.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa aipatu duzu. Presoak borrokaldian ari dira eskubide politiko eta zibilak lortzeko.
Urtarrilean hasi zen, eta hamar eguneko itxialdiak egiten ari dira. Ez da borrokaldi samurra. Kolektiboa agente politiko bezala onartzeko eskatzen da, eta Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren konponbidean beste zati bat izatea eskatzen da. Barruan egiten diren mugimendu guztiek, ordea, kanpoan ere jarraipena izan behar dute, barruan daudenei, asko laguntzen dietelako kanpoan egindako mugimendu guztiek. Nik neuk, euskal herritar guztiei dei egiten diet antolatzen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko. Oso garrantzitsua da kartzeleratuta daudenentzat, kanpoan ere mobilizazioak daudela jakitea eta mobilizazio horietan jendeak parte hartzen duela jakitea.
Egungo egoera politikoa nola ikusten duzu?
Ezker abertzaleak oso proposamen serioa egin berri du urte hauetan guztietan Euskal Herrian dagoen arazo politikoa konpontzeko. Ezker abertzaleak konpromiso bat adierazi du eta gainontzeko beste agenteek ere adierazi egin beharko lukete. Une honetan, ordea, atxiloketek eta errepresioak jarraitzen dute. Esku zabalak izan behar dugula uste dut, baina guardiarik jaitsi gabe.
Egun hauetan ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean zure eta beste 42 lagunen aurkako epaiketa egiten. Irregulartasunez beteriko prozesua dela salatu duzue, korrika eta presaka hasitakoa...
Bai, hala da. Nire ustez, irregulartasunak daudela nabarmena da. Lau urte espetxean igaro ditut, epaitua izan gabe, eta orain korrika eta presaka hasi dira epaiketarekin. Berez egin behar diren urrats asko saltatu egin dituzte. Epaiketan bertan ere denetarik izan da: epaileak lo hartu, itzultzaileekin sekulako arazoak eta abar. Egia esan, horrenbeste gauza jokoan ez baziren egongo eta kartzela zigor horiek guztiak ez baziren egongo, zirko polita izango litzateke barre batzuk egiteko. Tamalgarria da ordea, gauza asko jokoan daudelako.
Zer gertatuko dela espero duzu?
Nire ustez, zigorrak idatzita daude. Argi ez dagoena da zenbat urtekoak izango diren. Lau urte igaro dira ni eta beste pertsona batzuk atxilotu gintuztenetik. Epaiketa aurrera doa eta adi egon behar dugu. Ni kanpoan nago, baina nirekin batera daudenak ere kartzelan jarraitzen dute epaituak izan gabe, beste kasu batzuetan inputatuta daudelako.