Azpeitian altzarigintzak indarra izan du, eta badu gaur egun ere, sektore garrantzitsua da herriko ekonomian. "Azpeitian altzarigintza sektoreko enpresa garrantzitsuenak daude. Gipuzkoa da sektoreko gune garrantzitsuena", dio Leire Aldabaldetreku Enbor elkarteko idazkari nagusiak.
Enbor Euskal Herriko altzarigileen, auxiliarren eta osagarrien enpresen elkartea da. 1986an sortu zen altzarien sektoreko enpresen ekimenez. Azpeitian du egoitza elkarteak, Anardi industria gunean, Cidemcoren eraikinean. 25 enpresa daude elkartean, bederatzi herrikoak dira: Astigarraga Group, Azcue, Danona, Grumal, Lan Mobel, Landu, Lasao Altzariak, Nueva Linea eta Sare. Elkartea, sektoreko enpresak kanpora eta barrura begira talde bezala funtzionatzeko sortu zen. "Ferietara joan eta bertako enpresak sustatzeko sortu zen. Bestetik, kanpoko erosleak hona etortzen dira enpresak bisitatzera eta interesgarriak suerta daitezkeen herrialdeetan merkatu azterketak egiten ditugu. Prestakuntza ikastaroak eta jardunaldi teknikoak ere egiten ditugu, besteak beste", dio.
Euskal Herrian Ikea altzari eta etxeko osagarrien enpresa handia ireki berri dute. Baina ez da Enbor elkartekoen kezka bihurtu. "Ez du kezka handirik sortu, badira bestelako kezkak. Elkarteko enpresa gehienek, Espainian ere saltzen dute eta han Ikeak baditu saltokiak... Ikeak bi mila hornitzaile ditu eta horietatik bi bakarrik dira Euskal Herrikoak, altzari merkea eta kalitate baxukoa du. Euskal Herrian egiten dugun altzaria modernoa da, diseinu eta kalitate altukoa. Ikeako altzaria bizi laburragokoa da. Bestetik, Ikeak eskaintzen ez dituen bestelako zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte hemengo altzarigileek, muntaketa, aholkularitza eta abar. Ikea, azken batean, hemengo altzarigileentzat beste lehiakide bat da", diote.
Altzarigintzako sektorea une hauetan baxu dabilela diote Enborrekoek, "ziklo txar bat da oraingoa, boladak izaten dira. Garai onak ere izan ditugu".