Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak Lehen Truke Azoka antolatu du. Ekimen honekin, gazteek erabiltzen ez dituzten gauzak trukatzeko bidea ireki nahi da , modu batetara "kontsumismo basatiari" ateak ixteko. Gaur, ostirala, hasi eta igandera bitartean izango da aukera trukerako.
"Ideia, gazteok kontsumismo basatiari alternatiba elkartrukearen bidez ematea da", dio Garikoitz Mendiola A.G.Z?! taldeko kideak. "Norberak erabiltzen ez dituen edota behar ez dituen gauzak eraman ditzake hara. Azokara eramandako gauza bakoitzeko txartel bat emango da, eta horrekin beste gauzaren bat hartzeko aukera izango dute".
Arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara zabalduko da gaur. Bihar, larunbata, 11:00etatik 13:00etara eta igandean, berriz, 18:00etatik 21:00etara. Sanagustinpean jarriko da azoka.
Aurrera begira ere berriro antolatzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek: "Asteburu honetan gustuko edo beharrezko zerbait ez badute bilatzen, hurrengo baterako gorde dezakete txartela".