EAJ-PNVren adierazpena EAri erantzunez

Azpeitiko EAJ-PNV 2005ko mar. 12a, 20:03

  • Azpeitiko EAJ-PNVk Adineko Zentroaren inguruan bere jarrera argi eta garbi utzi nahi du
  • EAJ-PNVk beti proiektu integral baten aldeko apostua egin du. Integrala, bakarra eta Loiolako Inazio hiribidean

Azken aldian Azpeitiko herrian ahoz aho dabil Adineko pertsonak bizitzeko Zentroaren kontua eta Azpeitiko EAJ-PNVk bere jarrera garbi utzi nahi du, inolako zalantzarik egon ez dadin. Isilik egon gara gaia behar den tokian eztabaidatzen ari zen bitartean, Udalaren bileretan, alegia, eta orain erabakia hartu denean, gure jarrera argi eta garbi utzi nahi dugu:

1-. Azpeitiko EAJ-PNVk beti proiektu integral baten aldeko apostua egin izan du. Alegia, hiru zerbitzu (Adineko pertsonentzako egoitza, Apartamentu Tutelatuak eta Eguneko Zentroa) elkartu eta gune bakar batean bilduko dituen proiektu baten alde. Horrez gain, etorkizunean behar izango diren zerbitzuak ere gune horretan bertan, anpliazio bidez, txertatzeko aukera emango duen proiektuaren alde jokatu izan dugu. Ez genuen nahi, beraz, eta ez dugu nahi inolako "duplikaziorik" izatea zerbitzuetan. Zerbitzu guztiak leku bakar batean elkartu nahi ditugu, horrek abantaila ugari dituelako.

2-. Hasera batean, gurekin Udalean kogobernatzen ari zen alderdia ere (EA hain zuzen) ideia horren aldekoa zen. Gerora, ez dakigu zein arrazoi medio, atzera egin du eta beste proiektu bat ari da defenditzen EA. Zer gertatu da horretarako?

3-. Loiolako Inazio Hiribidean, Esklaben inguruan, egin nahi den proiektua ez da, beraz, "Alkatearen kapritxoa", EAJ-PNVk, alkate eta zinegotzien bidez, eta EAk berak bere garaian, onartutako proiektu integrala aurrera eramateko bidea baizik. Eta hori da gure zinegotziek, alkatea buru dutela, defenditu dutena eta Udalbatzaren osoko bilkuran bozkatu dutena, beren ideia eta konbikzioekin leial jokatuz.

4-. Egia da Foru Aldundiarekin egin diren bilera guztietan "egoitza bakarraren" aldeko iritziak agertu direla. Baina EAri ahazten zaiona da etorkizuna bermatuko duen proiektu integralaren aldeko iritziak agertzen zirela horrekin batera, eta gu proiektu integral horren alde gaudela eta proiektu hori Esklaba inguruan egitearen aldeko. Egoitza bakarra, beraz, eta Esklaba inguruetan. Gainera, Foru Aldundiko teknikariek bilera horietan, eta EAko eta San Martin Fundazioko ordezkariak han ziren, argi eta garbi esaten zuten Esklaba aldean egoitza berria egiteko aukera pasatzen uztea zela astakeria.

5-. Foru Aldundiko teknikari eta politikoek bileretan esan izan omen dute "Kontsentsoa hobe dela proiekturik onena baino". Azpeitiko Alkatea bi urtean aritu da kontsentso edo adostasun hori lortu nahian, eta beti ezezkoa jaso du San Martin Egoitzako Fundazioaren aldetik, eta azken aldian, EA alderdiaren aldetik ere. Beraz, ezin dugu inolaz ere onartu adostasuna ukatu dion alderdiak berak aurpegiratzea Alkateari kontsentsorik, adostasunik ez duela lortu. Zinismo handi samarra da.

6-. Aldundiko Teknikoei leku bat edo bestea aukeratzeko eskatu zaienean, Esklaben ingurua askoz egokiagoa dela esan dute. Eta inguru hori "entorno urbano" dela esan dute beti. Gainera, dagoeneko gaur egun herria oso hurbilean du, eta laster batean inguruan ere etxeak eraikiko dira, eta erabat herrian integratuta geratuko da.

7-. Bestalde, galdera bat egin nahi diogu EAri: Komenigarri iruditzen al zaio Adinekoentzako Egoitza gaur egun dagoen kokalekuan jarraitzeari, hiru zerbitzuak (Adinekoentzako Egoitza, Apartamentu Tutelatuak eta Eguneko zentroa) egoki, eroso eta duintasunez hartzeko lekurik ez badu, aparkamenturik ez badauka eta han bizi direnek pasiatzeko eta eguzkia eta airea hartzeko leku egokirik ez baldin badute? Ate aurrean pasatzen diren autoen keak eta zaratak irenstea iruditzen al zaio egokiena? Logela batzuetara eguzkirik ez sartzea? Pasiatzeko lekurik ez izatea?

8-. "Proyecto estrella" bat ba omen zen lehen, oraingo alkateak "estrellatu" duena. Lehengo proiektuak premisa eta helburu batzuei erantzuten zien eta, EAkoek orain ez badute ere gogoratu nahi, bere alderdiko zinegotziek proiektu haren alde bozkatu zuten joan den legealdian, Plenoan aurkeztu zenean. Oraingo alkateak, zinegotziak lagun dituela, adineko pertsonei erantzuna emateko eratu nahi duen proiektua ere "proyecto estrella" bat da, adineko gure pertsonei, apartamentu tutelatuetan bizi daitezkeenei eta Eguneko Zentroaren beharrean direnei, eman dakiekeen erantzunik onena, egokiena, erosoena eta merezi duten tamainakoa emateko. Logela eder, argitsu, azkenengo modernotasunekin, ibiltzeko eta arnasa, eguzkia hartzeko eta argitasun ederrarekin. Hori eskaini al diezaiokegu EAk, orain, bultzatzen duen proiektuarekin? Hori al da EAk adineko gure pertsonei opa diena?

9-. Alkateak, kontsentsoa lortu asmoz, hiru ikerketa egin ditu, San Martin Egoitza dagoen tokian bertan proiektu osoa sartu zitekeen ikusteko eta kalitatez erantzun zitekeen aztertzeko eta beti arazo bat atera izan da: leku falta eta argi falta.

10-. Udalak onartutako proiektuan eta San Martin Egoitza handitzeko proiektuan agertzen diren logelak "antzekoak" omen dira. Ez dakigu nondik atera duen EAk horrelakorik. Gaur egungo kokalekua etxe artean dago eta Esklaba inguruetan egin nahi denak, berriz, ingurua garbi-garbi du. Esklaba inguruko proiektuko gelak eguzkitsuak dira, azken berrikuntzez hornituak, horretarakoxe egingo den eraikuntza batean kokatuak. Hala al da gaur egungoan ere?

11-. Lekaimeak ere kabitzen omen dira San Martinen egin nahi den proiektuan. Azpeitiko Alkateak, zinegotziek eta EAJ-PNV osoak, hasiera-hasieratik, proiektu berrian partaide izateko aukera eman die Karidadeko lekaimeei (eta, bide batez, orain arte urte askoan egin duten lan ikaragarriagatik eskerrak eman ere bai), bai eta San Martin Fundazioari ere. Eta oraindik ere eskaintza berari eusten jarraitzen dio. Baina, tamalez, hauek izan dira ezezko borobila eman diotenak proiektu aurrerakoi berriari eta adineko gure pertsonak ondo bizitzeko eta erosotasun guztiak izateko burutu nahi den proiektuari. Eta EA ere jarrera horretan bertan dago.

12-. Proiektu berria askoz garestiagoa omen da. Hau ere, ordea, ez da egia. Diru-kopuruak konparatzerakoan ez da neurri bera erabili. Proiektu berria neurtzerakoan, Adinekoentzako Zentroa, Apartamentu Tutelatuak eta Eguneko Zentroa hartu dira kontuan. San Martingoa neurtzerakoan, berriz, Adinekoentzako zentroa eta Eguneko zentroa bakarrik. Neurketak ere aldrebes. Apartamentu Tutelatuak beste lekuren batean egin behar badira, orduan bai zenbait gastu "alferrik" egin beharko dela: azpiegiturak eta laguntza zerbitzuak —jangelak, administrazio eta zainketa langileak...— bikoiztu edo gutxienez handitu beharra, bi terreno antzeko helburuetarako erabili beharra... Orduan bai aterako dela garesti proiektua, egin nahi den berria baino garestiago!

Bide batez, proiektu berriak "balio erantsi" batzuk ere izango ditu: horretarakoxe propio egindako eraikuntza izango da, erabat funtzionala, gaur egun helburu jakin horiek betetzeko eskatzen diren logela eta zerbitzuekin, aparkalekuekin, egoitzan biziko diren pertsonek, eta haiek bisitatzera datozenek, pasiatzeko eta haizea hartzeko leku zabal eta aproposekin. Beraz, zein ari da adineko gure herritarrekin pentsatzen? Eta zein izkutuko beste interes batzuen atzetik?

13-. EAri esan nahi diogu adostasuna eta kontsentsoa eguneroko lanarekin lortzen direla, leialtasunez herriaren alde lan eginez eta ez norberaren posturak gogortuz eta udalkideak irainduz.

14-. Azkenik, galdera bat egin nahi diogu: Nola jarraitzen duzue kogobernatzen gauzak hain gaizki egiten eta kapritxoz jokatzen omen duen alderdiarekin?

Manuel Unanueren eskutitza.

Udaleko EAJ-PNVko zinegotzi taldeak Manuel Unanueri erantzunez idatziriko eskutitza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide