(...)Enrike Zurutuza Ataun San Martingoa da, 87 urte ditu eta Gipuzkoan kilometro gehien egin duen albaitaria da zalantzarik gabe. Hizketarako duen aparteko dotoretasunagatik ezagutuko dute batzuek, eta gerra ondoan Gipuzkoan egin zen lehen euskal irratsaioagatik, beste askok. Askoz ere gai politagoa iruditzen zait urte batzuk lehenago hemen izan ziren uholdeak, erantzun zidan gaia aipatu nionean eta, noski, ez dago bere hitz jarioaren uholdeari ihes egiteko modurik.
Errekak gainezka egin zuen eta metro bateko urak izan genituen une batzuetan hemen, bizi naizen etxe honetan, Azpeitian. Balkoitik Urola ibaira begira jarri eta animaliak ikusten ziren ur gainean, txerriak oraindik kurrinka, bizirik. Ura errepidera irten eta autobus bat eraman zuen Zestoa parean. Denak ito ziren. Ni tartean nintzela zabaldu zen eta Elgoibarko etxekoandre batek dirua ere eman omen zuen nire alde meza bat ateratzeko. Ni bi aldiz hildakoa naiz dagoeneko. Beste batean istripu batean hil nintzela zabaldu zen. Zestoako albaitaria izan zen urak eramandako autobusean hil zena, hasi zen, eta tarteka umore tanta batzuk jartzea gustatzen zaio bere jardunean.
Txiste moduko bat kontatuko dizut. Urola ibaiaren eskuin aldean frantziskotar mojen komentua dago eta hara ere ura sartu zen nonbait. Telefonoek ez zuten funtzionatzen eta balkoitik balkoira pasatzen ziren abisuak egun haietan. Horrela deitu zidaten arren baino arren joateko. Ganadua zeukaten komentu barruan, eta haiek askatzera sartu ziren mojak ukuiluan geratu ziren kanpora atera ezinik. Urak gora egiten omen zuen eta estutasunean hasi omen ziren laguntza eske. Herriko suhiltzaileak izan ziren goiko solairuan zuloa egin eta moja horiek zeuden lekura iritsi zirenak. Moja horietako batek suhiltzaileari esan omen zion Jainkoari agindua ziola ez zela gizon baten besoetan sekulako jarriko. Suhiltzaileak besoetan nahi ez bazuen gerritik helduta aterako zuela erantzun omen zion eta halaxe atera omen zuen, kontatu zuen, ezpainetan irribarre maltzur bat marrazten zaion bitartean.
Agortezina da gizon hau. La Voz de Guipuzcoa irratian baserritarrentzako irratsaioa egin zuen 25 urtez Manolo Oñatibiarekin, Basarrirekin eta beste zenbaitekin batean. Nemesio Etxaniz ere tartean zen hasieran, baina hari betoa jarri zioten. Euskara erabat debekaturik zegoen orduan irratietan. Ni Azpeitira 1941ean etorri nintzen eta berehala hasi ginen baserritarrentzat saio bat egin behar genuela-eta ahaleginak egiten. Aurrezki Kutxa Munizipaleko burua falangista zen, Gipuzkoako Falangeko bigarren zenbakia zuen karnetean, pentsa!, baina baserritarrak maite zituen. Gobernadorearekin hitz egin eta lortu zuen irratsaioa egiteko baimena. Hasieran, hizkuntza bitan hasi ginen, baina denborarekin dena euskaraz eginez bukatu genuen. Sekulako arrakasta izan genuen. Astean behin egiten genuen irratsaio hori, eta zenbait ekitaldi orduz aldatzera iritsi ziren gure orduarekin ez bat etortzeko. Jose Antonio Agirrek berak ere zorionak emanez gutuna bidali zigun. Irratsaioaren saio nagusia Oñatibiak eta biok egiten genuen eta baserritarrarren eta albaitariaren arteko elkarrizketa izaten zen. Albaitariak jakintsuarena egiten zuen eta baserritarrak gizon apalarena, baina gehienetan baserritarrak sartzen zion ziria albaitariari. Hasieran, benetako baserritar bat bilatu nahi izan genuen irratiak lan hori egiteko, probak egin genituen, baina mikrofonoaren aurrean jarri eta uzkurtu egiten ziren. Nik idazten nuen elkarrizketa osoa eta Oñatibiak eta biok irakurtzen genuen, nik baserritarraren papera eginez, jarraitu zuen.
Euskalgintzan gauza gehiago ere egindakoa da Enrike Zurutuza. Orain urte gutxi Etumetako Basajauna Arakistainen eleberri historikoa euskaratu eta Azpeitiko Udalak argitaratu zuen. Orain, herrikide baten, Ataungo Felipe Dorronso abokatuaren, biografia idazten ari da. Hari buruzko zertzeladak arrapaladan etortzen zaizkio gogora. Sekulako memoria du gizon honek.
1956ko jelateak izan zirenean, Citroen 2CV batekin zebilen Enrike Zurutuza. Auto horrekin pasatako gorabehera guztiak kontatzen hasiko banintz!, esan du hasperen eginez. Abantaila handi bat zuen auto horrek. Ez zuen urik behar motorra hozteko, haizearekin bakarrik funtzionatzen baitzuen. Auto asko ura jelatu eta motorra lehertuta ibili ziren garai hartan. Nik arrankatzeko arazo larriak izaten nituen, baina urarekin ez nuen arazorik izan, hasi ginen behingoz gure gaira etorriz.
Ez zuen jela kendu hilabete osoan, eta ganaduak asko sufritu zuen. Guk baserrietara joateko ere komeriak ikusi genituen, bideak jelatuta zeudelako. Baserritarrak idiekin katea autoari erantsi eta igota nago behin baino gehiagotan, eta zaldiaren gainean ere bai. Nik Azpeitia alde honen ardura nuen berez, baina kasu berezietan beste herri askotatik ere deitzen zidaten eta etengabe ibiltzen nintzen Gipuzkoan barrena. Zarauztik, Zumaiatik eta Mutrikutik Ondarroa bitartekoak, Zumarraga, Elgoibar, Bergara· herrialde osoan ibiltzen nintzen atseden hartzeko betarik gabe. Nik gau eta egun, igande eta oporrik gabe egin dut lan. Inor gutxik ezagutuko du Gipuzkoa nik ezagutzen dudan bezala. Behin, Urbasaraino eraman ninduen han ganadua zuen batek. Esan nien nik aurretik behiak lotuta edukitzeko, baina alferrik. Ni ikusi nindutenean, korrika hasi ziren behi horiek, eta ezer egin gabe itzuli behar izan nuen etxera, kontatu zuen. Ezagutu duen negurik gogorrena urte horretakoa izan omen zen. Pinuak ere asko sufritu zuen. Urtarrila epelxeagoa izan zen nonbait, eta puntak botatzen hasita zegoen pinua jelatu egin zuen izotzak. Ganaduari jaten emateko, berriz, arbia bakarrik izaten zen orduan, eta arbia ere jelatuta zegoen, esan zuen.
Hotzarekin animaliarik gogorrenetakoa ardia omen da. Jatekoa izanez gero, ardiak hotza oso erraz eramaten du. Berokia ere gainean du hark. Behor eta zaldiek ere erraz eramaten dute. Hankarekin lurrean aztarrika eginez bilatzen dute askotan elurretan zer jana. Oiloak ez du batere balio eta gizakiak ere askorik ez, jarraitu zuen. Elurte handien onuraz ez du sinesmen handirik Zurutuzak. Akuiferoak betetzen dira urez. Hori oso garrantzizkoa da Gaztelan, baina ez Euskal Herrian, bestela ere nahikoa euri egiten duelako hemen. Akuiferoen kontu hori, dena den, berri samarra da. Segoviako akueduktua egiten sekulako lanak hartu zituzten erromatarrek, eta gero deskubritu zen akueduktuaren azpian sekulako ur putzuak ezkutatzen direla. Jakin izan balute!, esan zuen.
2002ko abenduan egin zion Enrike Zurutuzari elkarrizketa Uztarriak