Aurtengo denboraldia eta taldeak aurkeztu ditu Lagun Onakek

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 16a, 12:03

Lagun Onak Txirrindulari Elkartea aurkezpenean.

Txirrindularitzako bi talde ditu eta aurten ere lau proba antolatuko ditu; XXIV. San Jose Sari Nagusia igandean da (Urola Kostako Hitza)

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak aurtengo denboraldia eta taldeak aurkeztu zituen herenegun Sindikatu Zaharrean. Txirrindulari taldeetako kideak, gurasoak, lagunak eta zaletuak bildu ziren han, baita Andoni Aranaga eta Joseba Albizu txirrindulari profesionalak ere.

Minutu bateko isilunearekin ekin zioten ekitaldiari, Jokin Ormaetxea azkoitiar txirrindularia zena gogoan. Denak zutik eta aurpegi serioak. Minutua pasatu orduko, txirrindulari elkarteko Juan Joxe Bereziartuak hartu zuen hitza: "Lanean jarraitu beharko dugu, Jokinek hala nahiko luke eta".

Iaz bezalaxe, aurten ere bi talde izango ditu Lagun Onakek: AR Corrugados Aceralia kadeteen mailakoa, eta Lan Mobel, juniorrak. "Aurten gustura gaude, laguntzaile ditugun biak herrikoak ditugulako, bata AR Corrugados da, eta bestea Lan Mobel". AR Corrugados taldeko denak mutilak dira, baina Lan Mobelen neska bat ere bada: Maider Oteiza. "Bera juniorra da, baina aurten kadeteen mailan korrituko du", azaldu zuen Bereziartuak.

Lehen proba igandean

Urtero bezala, txirrindularitzako lau proba antolatuko ditu Lagun Onakek. Lehen proba igandean da, junior mailakoen XXIV. San Jose Sari Nagusia, 16:00etan plazatik irtenda. Beste probak, berriz, honakoak dira: Urrakiko igoera, apirilaren 2an kadeteen lasterketa, eta saninazioetan kadeteen mailako Euskadiko txapelketa izango da Azpeitian. "Iaz, Gipuzkoako Klasika lasterketa izan zen Azpeitian eta, aurten, berriz, Euskadiko Txapelketa izango dugu, eta hau pozgarria da guretzako", zioen Bereziartuak.

Andoni Aranagak eta Joseba Albizuk ere animuak eman zizkien Lagun Onakeko txirrindulari gazteei. "Kadeteen eta juniorren mailan gozatu egin behar da bizikleta gainean, garai polita baita. Gero afizionatuetan beste kontu bat izaten da", zioten biek.

Albizu lanean hastear

Euskaltel taldean dabil Albizu eta hil honen bukaeran lanean hastekoa dela jakinarazi zuen Lagun Onaken ekitaldian. "Hilaren 26an eta 27an, Nazioarteko Kriteriuma korrituko dut eta mugak non ditudan ikusteko asmoa dut, eta ea ekaina alderako ondo nagoen", zioen.

Aranaga, Kaikun dabil eta Valentziako bueltako etapa bat irabazi zuela-eta zoriondu egin zuten txirrindu zaleek. Bere hitzetan, "behin etapa irabazi nuenean poz handia sentitu nuen, eta gauzak egitea badagoela ikusi nuen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide