32 eragilek egin dute bat eskubide zibil eta politikoen alde

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 18a, 17:03

Otsailaren 10ean aurkeztu zuten herriko hainbat lagunek Azpeitiko 18/98+ ekimena. (Nerea Uranga)

Gaur manifestazioa egingo dute 19:30ean, plazatik abiatuta, eta parte hartzeko deia egin dute sinatzaileek (Urola Kostako Hitza)

Herriko 32 eragilek egin dute bat 18/98+ Azpeitiko ekimenarekin eta, horrenbestez, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestuarekin. Era horretan, gaur 19:30ean herriko plazatik abiatuta egingo den manifestaziora deitu dituzte herritarrak. 1998tik hona Espainiako Estatuak Euskal Herriko hainbat erakunderen kontra martxan jarritako makroprozesuei aurre egiteko sortu zen ekimen hori. Makroprozesuak direla eta, lau azpeitiar daude inputatuta edota auzipetuta (Euskal Herri osoan, 220 lagun): Garikoitz Etxeberria Kafe Jarrai-Haika-Segi auzian, Eneko Etxeberria eta Mikel Azkune Egunkaria auzian eta Miren Odriozola Udalbiltza auzian.

"Euskal Herri osoaren aurkako eraso baten aurrean aurkitzen gara. Auzipetuei dagozkien eta, oro har, euskal herritar guztioi dagozkigun oinarrizko eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzen ditugu. Euskal Herria epaitzen dutenez, herritar guztiongan du eragina, eta guztioi dagokigu erantzuna ematea. Euskal Herriak eraso hauek salatu eta gelditu behar ditu", diote 18/98+ ekimeneko kideek.

Erantzun bateratua

"Kursaaleko ekitaldian eta Bilboko manifestazioan argi geratu zen bezala, Azpeitiko herritarrek ere eskubide zibil eta politikoen alde daudela esan behar dute gaur", diote Azpeitiko ekimeneko kideek. Haien arabera, "gizarte mugimendu bakoitza zigortzeko zehazki eginiko makrosumario politikoen aurrean gaude, bultzada eta helburu politiko garbi batekin martxan jarritakoak", eta sumario horiei "politikoki" erantzun behar zaie, "besteak beste, kalera irtenda".

Dagoeneko hasia da Espainiako Auzitegi Nazionalean Jarrai-Haika-Segi erakundeen kontrako epaiketa, eta Garikoitz Etxeberriarentzat 14 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak. Duela bi aste irten zen espetxetik, lau urte espetxean egon eta gero epairik ezean, lau urtez baino gehiagoz ezin daitekeelako inor preso eduki, baina asteotan Madrilen dago, epaiketan. Atzetik etorriko dira gainontzeko erakundeen kontrako epaiketak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide