Iraurgi Saskibaloi taldeak galduz hasi du EBA mailara igotzeko fasea. Bizkaian jokatutako partida 60-53 amaitu zen etxeko Suminan taldearen alde.
Lolo Encinas Iraurgiko entrenatzailearen ustetan partida bigarren zatian eginiko "hutsek" erabaki zuten: "Lehenengo zatian ongi defendatu genuen eta 23-36 irabazten amaitu zen. Bigarrengoan, ordea, saski azpian eta hirukoetan huts asko egin genituen, eta gainera, epaileek ere falta asko adierazi zizkiguten; partidak ihes egin zigun".
Horrela 46na berdinduta gelditu ziren, eta hortik aurrera ezin izan zuten askorik egin Iraurgikoek. "46na berdindu genuenean haiek aurre hartu ziguten eta gero ezin izan genion buelta eman. Azken zatiko 6 minutuetan ez genuen saskiratze bat bera ere lortu".
Itxaropena
Lehen partida galdu bada ere, Encinasek igoera lortzeko itxaropena dutela adirazi du, eta horretarako zer egin behar duten ere badaki: "Etxeko 5 partidak irabazten baditugu igoera hortxe-hortxe lortuko dugu. Eta 5 horiez gain kanpokoren bat irabaziz gero ia segurua izango da". Hala ere partidak irabaztea zaila izango direla esan du: "Entrenamentuetan ondo gabiltz, ilusioa badaukagu eta lesionaturik zeudenak ere ari zaizkigu osatzen. Helburua etxeko partida guztiak irabaztea da, zaila bada ere, baina, ea jendearen laguntzarekin eta jokalarien gogoarekin lortzen dugun".
Datozen bi partidak etxean jokatuko dituzte, bata apirilaren 2an Helios-en aurka, eta hurrengoa 9an Uteboren aurka.