Uztarria.com-ek, jasoko du Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza

uztarria 2005ko mar. 30a, 15:03

  • Errekurtsoa sartu ondoren, bisitariei dagokion irizpidean hamar puntu lortu ditu, lehen baino hiru gehiago
  • Guztira 1.260 euro jasoko ditu

Uztarria.com webguneak jasoko du 2004ari dagokion Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza, aurrez emandako ezezkoaren ondorioz aurkeztutako errekurtsoa onartu ondoren. Horrela, laguntza jasotzeko beharrezkoak diren 65 puntuak lortu ditu, eta guztira 1.260 euro jasoko ditu.

"Euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko" informazioaren eta komunikazioaren teknologia berria erabiltzen duten pertsona juridiko pribatuei laguntzak ematea da Eusko Jaurlaritzaren programak duen helburua. Uztarria, webgunea sortu zuenetik aritu izan da lanean diru laguntza eskuratzeko (2002tik). Nahiz eta gertu ibili, ez ditu inoiz beharrezkoak diren puntuak lortu, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Ezezkoa jaso zuen 2004an ere, 62,86 puntu lortu zituelako. Aztertu ondoren, "zabalkunde edota banaketako plana eta erabiltzaile kopurua" irizpideetan jaso zituen puntuazioekin (bost eta zazpi puntu, hurrenez hurren) ez zegoela konforme adierazi zion Uztarriak ondorengo arrazoiengatik:

  • Zabalkunde edota banaketa plana: uztarria.com 263. postuan dago @Euskadik ALEXA enpresaren datuen arabera egindako sailkapenean. Datu honen arabera webgunearen zabalkunde mailak Azpeitiko herria gainditzen du.
  • Erabiltzaile kopurua: Batetik, uztarria.com-era harpidetuta 84 lagun daude; beraz, albiste bat sartu orduko 84 lagunek jasotzen dute mezua e-postaz. Bestetik, urtetik urtera erabiltzaile kopurua gora doa: 2002ko azaroan 5.300 hits/eguneko, 650 bisita/eguneko; 2003ko urtarrilean 7.723 hits/eguneko, 879 bisita/eguneko, eta 2004ko urrian 13.890 hits/eguneko, 1.216 bisita/eguneko. (Gaur egun gehiago dira)

Horregatik zabalkunde edota banaketako plana eta erabiltzaile kopurua irizpidean jasotako puntuak berrikusteko eskatu zuen Uztarriak.

Erabiltzaile kopurua irizpideari aurkeztutako errekurtsoa onartu eta lehengo zazpi puntuei hiru gehitu dizkiote. Zabalkunde edota banaketa planarena, berriz, bere horretan mantentzea erabaki dute. Beraz, hiru puntu horiei esker 65,86 lortu ditu guztira, eta horri dagokion diru laguntza aurrekontuaren %10 da, lehen aipatutako 1.260 euroak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide