Enpresaren zuzendaritzaren esku gelditu da Sammic

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 1a, 11:04

3i-k, Elkarkidetza-k eta Geroa-k Sammic enpresaren euren zatia -%52a- saldu diote enpresako gainontzeko bazkideei (Urola Kostako Hitza)

Orain arte Sammic enpresaren bazkide ziren 3i inbertsio taldeak eta pentsio fondo diren Elkarkidetzak eta Geroak euren zatia, %52a, saldu diote Sammic enpresako beste bazkideei; zuzendaritza, langileak eta inbertsio pribatua duen taldeari, alegia. Salerosketa operazioaren ondorioz, Sammic 45 milioi eurotan baloratu dute. %52ko zati hori gainontzeko akziodunen artean proportzionalki banatu da. Horrela, zuzendaritzak izango du enpresaren kontrola, %50etik gorako zatia baitu bere esku.

Salerosketa operazioan Norgestionek parte hartu du, Sammicen aholkulari lanak eginez eta Fortis Bankek finantzatuko du salerosketaren ondoren bazkideen parte hartzearen igoerak sortutako zorra.

Ostalaritzako tresnak egiten dituen enpresa da Sammic. 1961ean sortu zen eta gaur egun 145 langile ditu. Gehienek Azpeitiko lantegian egiten dute lan. Eta filial komertzialak ere baditu Portugal, Frantzia, Italia eta Erresuma Batuan. Iaz, 32 milioi euro fakturatu zituen. Salmenten heren bat esportaziorako izan zen; Sammicek 60 herrialdetan saltzen du.

.1997an, Sammicen sortzaileek enpresa Enodis talde britainiarrari saltzea erabaki zuten. Baina hamarkada honen hasieran Enodisen zailtasun finantzieroak tarteko, beste bazkideek eskaintza bat egitea erabaki zuten, eta orduan inbertitu zuten 3ik, Elkarkidetzak eta Geroak Sammicen. Horrela, Management Buy Out (MB) operazioarekin Sammic enpresak independentzia berreskuratu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide