Literatura ari du

Andoni Egaña ('Argia', 1.984. zenbakia) 2005ko api. 4a, 22:04

Txurdinaga eta Azpeitia, hain urrunak itxura batean, literaturak elkartu ditu nire Agendan. Bilbora joan nintzen nire azken liburuaren aurkezpena egitera. Horrek ez luke bestelako misteriorik berez. Baina Santutxuko literaturzale talde bat hilean behin elkartzen da egile baten jiran, liburuari buruzko iruzkinak elkar trukatzeko. Zinez, merezi du osteratxoak. Normala eta ohizkoa behar lukeena, albiste bihurtu digu egungo gizarte-moduak. Azpeitian berriz, Literatuzta taldeko egile guztiekin batera, bertso kantari aritu ginen. Haiek lana bapo egina zeukaten. Gu ere ahalegindu ginen. Baina ez genuen asmatu. Ez dira nonbait uztar errazak literatura eta bat batekoa. Desberdina dute publikoa, desberdina erritmoa, desberdinak bero sentitzeko mekanismoak. Gure hanka-sartzea ulergarri delakoan nagoen bezala, Udalarena ulergaitzagoa egiten zait. Saioa iluntzera aurreratu behar izan genuen, gauez areto berean film bat eman behar zutelako. Presaka amaitu genuen lana. Irten orduko esan ziguten ez zela filmik emango, hiru pertsonak baino ez zutelako sarrera erosi. El Aviador zen filma. Non eta Azpeitian! Jarri ba, auto-lasterketari buruzkoren bat! (Argia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide