Santi Artetxe markinarrak irabazi zuen azkenean VI. Azpeitia-Ikasberri Rallysprinta, atzo. Lehenengo bi joanalditan Ramon Apalantza errezildarrak egin zituen denbora onenak. Hirugarrena hasterako, atzetik zuen Artetxe, bi segundora. Baina, hirugarren joanaldia erabakigarria izan zen sailkapen nagusirako, eta Artetxek Apalantza baino azkarrago egin zuen.
Gainera, markinarrak Azpeitia-Errezil-Bidegoian arteko ibilbidean Iñaki Alberdi azpeitiarrak jarritako errekorra (07:14) hautsi zuen, 07:13 denbora eginez.
Auto lasterketa bukatu ondoren Apalantza gustura zegoen: "Ahal dudan guztia eman dut, eta gustura nago egindako lasterketarekin". Iaz egindako denborak baino hobeak egin zituen errezildarrak atzoko Rallysprintean. Joxe Labakari, Aitor Lazkanori eta Jon Izagirreri autoak izorratu eta ezin izan zuten lasterketan jarraitu.
Alberdi ez zen atera
Aurreko bi urteetan Iñaki Alberdi izan da irabazlea Ikasberri Rallysprintean. Aurten irtetekoa zen, baina ez du horretarako aukerarik izan, autoa ez zuelako prest lasterketarako.