Lan Mobelek partida txarra egin eta galdu

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 5a, 19:04

Helios Zaragozaren aurka 54-76 galdu zuen igoera faseko partida

Gaizki. Gaizki aritu ziren Lan Mobel Iraurgiko saskibaloi jokalariak Helios Zaragozaren aurka joan den larunbatean, kiroldegian. Emaitza ere halakoxea egin zuten 54-76 galduz.

Lehen Mailako EBA Ligarako igoera faseko bigarren partida zuten Lan Mobel Iraurgikoek; etxean jokatzen zuten aurrena. Aurkaria, berriz, gogorra: Helios Zaragoza. Bere garaian ACB Ligan egona eta ondoren Cai Zaragoza bezala ezagutarazi zena. "Lehen Mailako talderik onenetakoa dela diote, eta dagoeneko igoera faseko bi partidak irabazi ditu, Ardoiren eta gure aurka", dio Lolo Encinas Lan Mobel Iraurgiko entrenatzaileak.

Larunbatean aurtengo denboraldiko partidarik txarrena jokatu zutela dio Lolo Encinasek, "gaizki, oso gaizki aritu ginen bai atakean eta baita defentsan ere. Partidako azken zatian defentsa aldetik pixkat hobera egin genuen, baina partida guztian aurkarien atzetik ibili ginen. Helios taldekoak, aldiz, ondo jokatu zuten eta talde on bat direla erakutsi zuten". Orainarte igoera fasean jokatutako bi partidak galdu ditu Iraurgik. Baina, hango jokalariei azken partidako emaitzak eragin izan diela dio taldeko entrenatzaileak, "moralki ikututa gelditu dira jokalariak, baxu". Dena den, oraindik ere animo guztiak ez dituzte galdu, "oraindik esperantza ez dugu galdu eta hurrengo partidak ondo jokatzen saiatu behar dugu".

Datorrena ere etxean

Igoera faseko hirugarren partida ere etxean jokatuko du Lan Mobel Iraurgik. Aragoiko Entrerrios Casao Utebo izango du aurkari. Partida larunbatean da, 18:30ean, kiroldegian. Utebok igoera faseko lehen partida Askartzaren aurka galdu 86-66 eta bigarrena, aldiz, irabazi egin zuen Suminanen aurka 82-71.

Utebo taldearen berri entzutez dakite Lan Mobel Iraurgikoek. "Oso jokalari beteranoak direla dakigu, 30 urtetik gorakoak dira. Goragoko mailetan jokatu duten jokalariak dituen taldea da eta bost titularrak oso onak ditu, ordezkoak, berriz, ez dira hain onak. Azpeitiko partidara zaletuak ekarriko dituztela esan digute, autobus oso bat beteta dator", dio Encinasek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide