Eusko Legebiltzarreko "Hauteskunde demokratikoak"

Mikel Arregi 2005ko api. 6a, 17:04

Hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta gauden honetan demokrazia arriskuan dago.

EAJ-EA eta Aralar erakusten ari diren jarrera lotsagarria da

Hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta gaude, eta egoera ez da normala; ez da normala Ezker Abertzalearentzat, eta ez da normala demokraziarentzat: Batasuna ilegalizatua dago, egoera horri behin-behineko soluzioa emateko jaio zen Aukera Guztiak, eta legez kanpo utzi zuten hura ere, eta orain hor dugu EHAK, ezpata lepo gainean duela.

Egoera anti-demokratiko hori PP-k eta PSOE-k eragin dutela badakigu; baina egoera horretan EAJ, EA eta Aralar erakusten ari diren jarrera lotsagarria da, patetikoa, iraingarria. Gauza bat da hauteskundeetara aurkeztea, Eusko Legebiltzarrean ahalik eta eserleku gehien lortzeko lehia horretan sartzea, boterea mantendu nahi izatea (EAJ) eta politikaren mundu honetan Nor badirela erakutsi nahi izatea (EA eta Aralar). Hori nolabait justifika daiteke, nahiz eta niri ez zaidan ondo iruditzen. Baina beste gauza bat da kanpaina honetan hiru alderdi horiek erakusten ari diren jarrera. Gertatu dena gertatu dela, gertatzen dena gertatzen dela, Eusko Legebiltzarra “demokratikoa” izango dela esaka ari dira batzuk (EAJ eta EA), “orain” eurek direla “ezkertiarren eta abertzaleen aukera” esaka beste batzuk (Aralar)… Baina zer da hau? Dena libre al da?

Oso-oso larria da egoera honetan Aralarrek (Aintzane Ezenarro) esatea eurak direla “ezker abertzalearen berme politikoa”, lehen abertzale batek “abertzaleen edo ezkertiarren arteko hautua” (EAJ-EAren eta IU-ren arteko hautua, alegia) egin behar zuela, eta orain (eta ez lehen, nonbait) badela bi ideologia horiek batzen dituen alderdi bat: Aralar, jakina. Eta HB-k ez al zituen ba bi ideologia horiek batzen? Eta Batasunak? Oso-oso larria da mezu horiek erabiltzea, noiz eta Batasunak hauteskundeetara aurkezteko aukerarik ez duenean, noiz eta Aukera Guztiak legez kanpo utzi dutenean…

Oso-oso larria da, halaber, ikustea EAJ eta EA ia-ia negarrez ari direla EHAK (oraindik) legez kanpo ez dutelako utzi, eta horregatik gehiengo osoa ez omen dutelako lortuko (Erkoreka eta Errazti)… Larria da egoera honetan, eta zertarako aurkeztu ziren argi eta garbi esana zutenean, Aukera Guztiak hautes elkarteari “programa zehatza” exijitzen aritzea (Urkullu), hauteskundeetara bi hitz horiexekin bakarrik aurkezteko legitimitaterik ez balute bezala. Kalkulu politikoak eginak zituzten, eginak dituzte, eta horren araberakoak dira EAJren, EAren eta Aralarren mezuak. Urduritzen hasiak dira, nonbait.

Eta horixe, lehen esan dudana: dena libre al da? Non dago Batasunarekiko errespetua? Non Aukera Guztiak abian jarri zutenekiko errespetua? EHAK-k errespeturik ez al du merezi?

Zaila da etor daitekeena aurreikustea. Zaila EHAK-k aurkeztu ahalko duen jakitea. Zaila EAJ, EA eta Aralarrek, bakoitzak bere helburuak bete ahal izango dituen jakitea. Baina bi gauza argi dauzkat: bat, momentu honetan interes partidistak herri-interesen gainean jartzea baino gauza tristeagorik nekez ikus daitekeela. Eta bestea, sektore guztiek ordezkaritza lortzeko bidea bermatzen ez duen hauteskundeetatik atera ahal den Legebiltzarra ez dela legitimoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide