II. Hizkuntza Eskubideen Eguna
Iaz egin bezala, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak heldu den apirilaren 10erako Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatu du Oiartzunen.
Jakina da Euskal Herrian euskaldunoi hizkuntza eskubideak sistematikoki eta lurralde bereizkeriarik gabe urratzen zaizkigula. Ezinezkoa zaigu, beraz, gure herrian gure hizkuntzan bizitzea. Gainera, azken urteotan euskararen normalizazioaren aurka estatuek darabilten suntsipen estrategia egoera hori larriagotzen ari da. Euskal Herria zatiturik, euskara bera zatiturik egoteak egiturazko muga argiak ezartzen dizkigu; izan ere, euskara ez dago lege bakar batek arautua, ofizialtasun eza eta lurralde osorako hizkuntza politika bakarra ez izateak eragin kaltegarriak dakartza gure hizkuntzaren garapenerako.
Hizkuntza eskubideen aldeko indarrak bildu eta aktibatzea genuen iazko helburu nagusi. Aurtengoan jauzi bat eman nahi dugu. Euskara osoki garatzeko neurri zehatzak hartzeko garaia da eta horretara iritsi ahal izateko baldintzak sortu beharrean gara. Zentzu horretan antolatu dugu aurten bigarrenez Hizkuntza Eskubideen Eguna. Gure asmoa ahalik eta indar euskaltzale gehien biltzea da; eragile eta talde, baina batez ere herritarren indarra da bildu nahi duguna.
Hau guztia dela eta, zuen parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Eragile eta herritarrak Oiartzunera hurbiltzera animatu nahi zaituztegu, euskararen garapen osorako urratsak ematearen garrantziaz jabetu eta konpromisoak hartzearekin batera, elkarrekin egun ederra pasatzeko aukera ezin hobea izanen baitugu.
Hizkuntza Eskubideen Aldeko II. Nazio Bilkura
Bilkuran hizkuntza eskubideak izanen ditugu hizpide. Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren ibilbidearen nondik norako nagusiak ezagutu ondotik, euskararen normalizazio prozesua bururaino eramateko hizkuntza eskubide urraketak salatzeaz haratago konpromiso zehatzak hartu behar direla kontatuko digute hainbat lekukok.
Parte hartzea ahalik eta zabalena izatea nahi dugu; horrexegatik, zuen erakunde edota elkarteetako kideen presentzia egon dadin eskatzen dizuegu. Era berean, nazio bilkuran esango denaren inguruko iritzi edota ekarpenak egiteko aukera izanen da, baita norberaren esperientziatik abiatutako bizipenak kontatzeko ere.
Nazio Bilkura bukatzean udalaren beheko aldean bilduko gara manifestazioari hasiera emateko. Gure asmoa pankartaren atzealdean multzo bat eratzea izanik, bertan zuen parte hartzea eskatzen dizuegu.
AUTOBUSA ere izango da
Izen-ematea: Orkatz eta Zuhatz tabernetan
Ordua: 10:10ean
Lekua: Etxe-zuri aurrean
Egitaraua
Egunari dagokionez, aurtengoan ere eskaintza zabala egiten ahalegindu gara. Gure asmoa aldarrikapena, besta, salaketa, dantza... bilduko dituen eguna proposatzea izanik, hauxe duzue egitarau zehatza:
- 10:30ean, Diana eta suziriekin egunari hasiera emango diogu.
- 11:00-13:00 bitartean, Hizkuntza Eskubideen Aldeko II. Nazio Bilkura. Udaleko pleno aretoan burutuko dugu.
- 11:00etan, "Bizi Euskaraz Gunea. Bertan, euskalgintzaren materiala eta egitasmoez gain, hainbat erakusketa izango ditugu ikusgai nahiz eskuragarri. Udaletxeko arkupetan izango da.
- 13:00etan, Manifestazioa. Konpromisoen sokari tira! Ofizialtasuna lelopean. Bilkura bukatu bezain laster emango zaio hasera.
- 13:30ean, Ekitaldia. Kontsejupe plazan izango da. Txalapartari eta bertsolarien parte hartzearekin batera, eskualdeko euskalgintzak adierazpen bat irakurriko du. EHEk ere bere irakurketa zabalduko du.
- 14:30ean, Herri Bazkaria. Herriko plazan izango da. Aurretik bazkarian geratzeko asmoa izanez gero, txartelak lehenbailehen hartzea eskatuko genizueke.
- 16:00etan, Gartxot taldearen eskutik herri kantak bazkal ostean.
- 17:00etan, haurrentzat aintzinako jolasak. Herriko hainbat gazteren eskutik. Kontsejupe plazan.
- 18:00etan, Erromeria Tapia eta Leturiaren eskutik. Herriko plazan.
- 20:30ean, egunari bukaera emango diogu.
Hona gure gonbitea! Zuen erantzunaren zain gaituzue. Hori bai, deialdi hauek guztiak zuen erakunde eta inguruetan ahalik eta gehien zabaltzea eskertuko genizueke.
GORA EUSKAL HERRI EUSKALDUNA!
Euskal Herrian Euskaraz