Fiskaltzak Garikoitz Etxeberriaren zigor eskaera 10 urtera jaitsi du

Uztarria.eus 2005ko api. 11a, 17:04

Garikoitz Etxeberria 'Kafe'-ri zigorra 14 urtetik 10era jaisteko eskaria egin du fiskalak, besteak beste

Lau urte preso pasatu ondoren baldintzapeko askatasunean da pasa den martxoaren 4tik

Espainiako Entzutegi Nazionalean aurrera doa Jarrai-Haika-Segi auziaren epaiketa, eta gaur goizean, Enrique Molina fiskalak Garikoitz Etxeberria Kafe eta beste 27 laguni zigor eskaera 4 urtean murrizteko eskatu du -Kafe-ri orain arte 14 urteko kartzela zigorra eskatzen zioten talde terrorista bateko kide zela leporatuita-. Bestalde, beste 5 akusaturi (Maider Alonso, Unai Beaskoetxea, Sonia Jazinto, Amaia Maestre eta Gorka Urbiola) zigorra kentzea eskatu du eta gaur bertan aske geratuko dira.

"Gaurko saioko gauzarik positiboena bost akusatu kargurik gabe aske utzi dituztela da. Urteak gutxitzea eskatzea ere ona da, baina esan beharra dago, akusazioa ez dela aldatu, kalifikazioak berdin jarraitzen du. Gradua aldatu besterik ez dute egin" adierazi dio Kafe-k Uztarriari. "Konturatu dira egiten zuten eskaria gehiegizkoa zela, baina berriro diot, akusazioak berdin jarraitzen du. Gertatzen dena da, erantzunkizun zibilaren kontu hori beste sumario batera atzeratu dutela; Batasuna, Sozialista Abertzaleak eta Herriko tabernak dauden sumariora hain zuzen", gaineratu du.

Epaiketeri dagokionez, "hasierako egoerari buelta ematea lortu dugu, hasieran esaten zuten dena gezurra dela argitu dugu, eta guztia farsa huts bat besterik ez dela ere argi utzi dugu. Epaiketa honetan bide berri bat irekitzea lortu dugu", jarraitzen du. Epaiketa ere ari da azkenak ematen, eta horrelaxe adierazi du Kafe-k ere: "Hurrengo astean alde guztiek beren txostenak azaldu beharko dituzte, eta teorian ostiralean (apirilak 22) bukatuko da. Orduan epaiaren zain egon beharko dugu". Gaurko saioa aste honetako bakarra izan da, izan ere hurrengo astelehenean, apirilak 18, jarraituko du epaiketak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide