Mendiko orientazio eta G.P.S. ikastaroak antolatu ditu Lagun Onak M.B.-k

uztarria 2005ko api. 12a, 17:04

Mendiko orientazioa apirilak 23an eta 24an emango da; G.P.S. ikastaroaren datak, aldiz, oraindik zehaztu gabe dituzte;

Federatua egotea derrigorrezko baldintza da bietan

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi ikastaro antolatu ditu: Mendiko orientazio ikastaroa eta G.P.S. ikastaroa.

Mendiko orientazio ikastaroa apirilaren 23 eta 24 egunetan emango da elkartean bertan eta inguruko mendietan. Helburua mapen interpretazioa, irakurketa eta erabilpena; iparorratza eta beste tresna lagungarrien erabilpena; eta mendirako oinarrizko orientazio teknikak ikastea izango du.

Derrigorrezkoa izango da federatua izatea izena emateko. Ordaindu beharreko diru kopurua, berriz, 56 euro (trukean ikastaroan irakatsiko diren edukien karpeta, zonaldeko mapa eta beharrezkoa den materialaren erabilpena, iparorratzak, altimetroak, podometroak... emango dira). Mendira eraman beharreko materialak norbere kontu gelditzen dira.

Izena elkarteko lokalean eman behar da apirilaren 11tik aurrera.

G.P.S. ikastaroa

Oraindik datak zehaztu gabe badituzte ere koordenada desberdinak dituen mendiko plano eta mapak interpretatzen eta G.P.S. aparatuak erabiltzen irakastea izango du helburua. 54 euro ordainduko da ikastaroa.

Horretarako beharrezkoa izango da mapen irakurketa eta orientazioan ezaguera izatea. Ikastaroa honako G.P.S. modeloentzat da egokia: Garmin Etrex, Garmin Summit, Garmin 12, Garmin 12 XL eta Garmin E-MAP.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide