"Igoal hasieran bertan ekibokatu ginen, mundura euskaldun sortzean. Gero, ez genuen independentzia eta iraultzaren burrukatik apartatzen jakin.
Eman dezagun: esna kantu bat abestu genion gure aberriaren seaska hutsari. Eta, goiz batez, El Puerto de Santa Mariako kartzelan esnatu ginen.
Zorionez edo zorigaitzez, anitz euskaldun ekibokatu ekarri gintuzten Espainiako azken ipurdi honetan bizi edo hiltzera. Bizi, ozta ozta gainbizi gara, hestu, larri, ia mirariz.
Eta bizitza ez da guretzat lehen zen bezalakoa harrezkero egundo izango.
Begirale uniformatuek ehortziko gaituzte zulorik hurrin eta ilunenean.Idazkari ordainduek borratuko dituzte gure urratsak.
Baina ekibokatuaren ohitura eta ausardiarekin zin egin dezakegu: maite genituen gauzengatik erori ginen preso. Baina gure maitasuna oraindik ez dago preso."
Joseba Sarrionaindia
Ohikoa
"1974. urtearen erdialdean, hamar edo hamabi lehergailu lehertzen ziren gauero Buenos Airesen. Zeinu ezberdinekoak denak, baina lehertzen ziren.
Goizeko ordubiak edo hirurak aldera bata bestearen segidako zenbait burrunbak esnaraztea ohikoa zen ia. Haurrak ere eginak ziren ohikotasun horretara.
Nire lagun argentinar bat ez zen ohitze prozesu horretaz ohartu, bere apartamendu inguruan leherketa handi samar bat gertatu, eta bost urte besterik ez zituen bere semea asaldaturik esnatu zen arte.
Zer izan da hori? galdegin zuen. Nire lagunak besoetan hartu eta laztandu egin zuen semea, lasaitu asmoz, baina heziketaren gainean zituen ideiei jarraiki, egia esan zion: Lehergailu bat izan da. Eskerrak, esan zuen umeak, trumoia zela uste nuen."
Mario Benedetti