Nahi duzuenean hasi

Aitzol Iparragirre 2005ko api. 15a, 19:04

Atzo Azpeitiko Uriburu batzarreko lehendakaria den Alex Etxeberriak, Azpeitiko EAJ/PNVren izenean idatzi zuen amaitzear dauden hauteskundeak gai hartuta. Eta bertan, kartel batzuk kendu eta beste batzuetan hauteskunde hauek demokratikoak ez direla salatzen duten kartelak jarri direla oinarri hartuta, salaketak egin eta demokrazia zer den eta demokratak zein diren erabakitzeko eskubidea beretzat hartu du.

Hauteskunde hauetan ba omen da parte hartzerik ez duela esaten duen sektore bat, horren eztabaidak ordea luze joko omen luke. Bueno Alex, Batasunak parte hartzerik badauka edo ez dauka? Horren eztabaida ez da luzea, Batasuna ilegalizatu egin dute eta ez diozue parte hartzen utzi, milaka eta milaka herritar eskubiderik gabe utzita. Baina hori gutxi balitz, eskubide zapalketa hau salatzeko sortu zen Aukera Guztiak hautes elkartea ere hauteskundeetatik kanpo utzi dute. Hau al da zuek demokrazia bezala ulertzen duzuena? Oraindik batzuek eskubideak zapalduak dituztela, ustea bakarrik dela pentsatzen al duzu?

Eguna joan eta eguna etorri Azpeitian kartelak kendu egiten dira. Bai Alex, kendu egiten dira, eta ez hauteskundeetan bakarrik. Eta zuek zuzentzen duzuen Ertzaintza da lan horretan ibiltzen dena gaueko ordu txikiak aprobetxatuz. Baina ez hori bakarrik, kartelak jartzeagatik isunak jartzen dituzte ilegalizatutako taldeen kartelak direla argudiatuz. Eta hori zuek prentsan ilegalizazioaren aurka zaudetela argi utzi omen duzuela. Baina zuek zuzentzen duzuen Ertzaintza arduratzen da isunak jartzen ere. Aurtengo kurtso honetan Ertzaintzak zenbat aldiz okupatu du Azpeitiko enparantza manifestazioak debekatzeko? Inork ikusi al du telebistan legebiltzarkide ohia den Antton Morcillo lurrean Ertzainen ostikopean? Inork ikusi al du talde batzuen hauteskunde ekitaldiak nola debekatu dituen Ertzaintzak? Eta hau dena ez al da indarkeria? Edo nahiago duzue talante demokratikoa deitzea?

Ilegalizazioen aurka omen zaudete. Baina urrutira joan gabe, Azpeitian, herritarren lautatik bat baztertuak eta eskubiderik gabe uzten dituen udala kudeatzen duzue. Eta hori gutxi balitz, zure alderdiak, PNVk, ilegalizazioaren aurka horren argi azaltzen den alderdiak, 2027 azpeitiarri dagokion ordezkarietako bat lapurtu du. Eta zuen koalizio kide den EAk beste bat. Eta ilegalizazioa praktikan jarrita, hauteskunde hauetan hainbeste salatzen dituzuen PP eta PSOEri beste zinegotzi kargu bana eman diezue. Herritarren bozken arabera tokatzen ez eta lortuko ez zuten kargua. Herriaren erabakiaren errespetua omen dago jokoan hauteskunde hauetan. Eta Azpeitian egiten ez duzuena Gasteizen egingo duzue?

Hauteskunde hauek zerbaitegatik ezaugarrituko badira herritarren zati handi bat eskubiderik gabe utzi nahi izan delako izango da. Zorionez, herri honetan bada oraindik eskuzabaltasunez jokatu eta herritar guztien eskubideen alde jokatzeko prest dagoenik. Ildo honetan EHAK bakarrik izan da Aukera Guztiak-ek egin zuen deialdiari jarraituz, interes partikularrak alde batera utzi eta guztion eskubideen eta demokraziaren alde urratsa emateko. Alex, zuek ere aukera izan zenuten, baino nahiago izan zenuten alderdiaren interesekiko fideltasuna mantentzea, milaka herritarren eskubide zapalketaren aurrean itsuarena eginez. Zuk aipatu ez edo ezkutatu nahi izan arren, gertaera guztia hauek ere ematen dira. Eskubide zanpaketak gainditu eta eszenatoki demokratiko bat eskainiko duen konponbide prozesuarekin dugun konpromisoa berrestea besterik ez zait gelditzen Alex, Azpeitian ere badugu nondik hasi eta. Ildo horretan bidailagun izango gara.

Bitartean, datorren igandean alderdi interesen gainetik, ilegalizazioaren aurka eta demokrazia eta bakearen aldeko hautua egiteko aukera dugu EHAKren eskutik.

Aitzol Iparragirre (PNV-EAk eskubideak onartzen ez dizkion HABEAko hautetsia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide