Maite Segurola: "Jendarte justuagoa eraiki nahi dugu"

uztarria 2005ko api. 17a, 18:04

Maite Segurola Bilgune Feministako kidea da, eta Matraka astekarian jendeak egindako galderei erantzun zien

"Sexuen arteko desberdintasunak amaitzeko jendartearen eraldatzean sinetsi eta hori bultzatzen duen oro da feminista", dio Segurolak

Matraka astekariak astero pertsonaia jakin bati galdera irekiak, hau da, edonork egiteko aukerakoak egiten dizkio. Azken zenbakian Maite Segurola azpeitiarrari egin diote. Segurola Bilgune Feministako kidea da. Elkarrizketa, berriz, honako hau da:

"Bilgune feministako kidea da, eta emakumearen inguruan sortutako estereotipoak eta sexu bereizketa atzean uztea du xede. markatatuko bidetik kanpoko helburua.

Zer esan diezaiekezu "feminista = lesbiana" diotenei?

Topiko handia da. Feministak gizonen kontra gaudelako ustetik abiaturiko sineskera delakoan nago. Hori ez da inondik inora egia.

Txikitatik pentsamendu horrekin hezi zintuzten etxean, ala zeure kabuz sartu zinen feminismoaren munduan?

Neure kabuz eta ia kasualitatez hasi nintzen parte hartzen herriko emakumeen batzarrean. Instituturako balio sexistei buruzko lan bat egin behar nuela eta, informazio bila joan nintzen. Eztabaidarako gune irekia aurkitu, eta betiko harrapatu ninduen.

Zehaztu al zenezake feministen pentsamendua hitz gutxitan?

Feminismoa ulertzeko hamaika era dago. Nire ikuspegitik, sexuen arteko desberdintasunak amaitzeko jendartearen eraldatzean sinetsi eta hori bultzatzen duen oro da feminista.

Zer esango zenioke matxista bati, sexu jolas bila inguratuz gero?

Jarrera matxista-paternalistarik erakutsiz gero, haizea hartzera bidaliko nuke, baina jaso dugun heziketa halakoa izan da: emakumeari harremanetan funtzio pasiboa izaten erakutsi zaio, eta gizonari aktiboa. Hezkuntza hezkidetzailea eta errespetua dira gakoa.

Feminismoa ez al da matxismoaren beste muturra?

Feminismoa sexuen arteko parekidetasunaren inguruan gogoetak egin eta antolatzen dituen korronte ideologikoa da. Matxismoa, berriz, emakumea menpeko subjektutzat duen sistema patriarkalean birsortzen den jarrera. Ekintza matxista orok emakumea mendean hartzen du, eta feministak guztiontzako jendarte justuagoa eraiki nahian gabiltza.

Ez al zaizu iruditzen feministek askotan mutilak baztertu dituzuela? Mutil feminista batek zergatik ezin du, esaterako, Lilathoian parte hartu?

Lilathoia ez da feministentzako lasterketa, emakumeentzakoa baizik; emakumeen artean kirola sustatzeko eta martxoaren 8a ospatzeko egiten da. Emakumeok bildu eta ekimenak bideratzen baditugu, ez dugu egiten gizonak baztertzeko, gure egoeraren kontzientzia berreskuratzeko eta eztabaidarako guneak irekitzeko baizik.

Nesken aldeko diskriminazioa ez al da alderantzizko matxismoa?

Diskriminazio baikorra instituzioetatik bultzatutako ekimena da. Hainbat azterketak diotenez, emakumeok, nahiz eta nota hobeak izan, zailago daukagu lanpostuak lortzea. Baldintza beretan emakumea aukeratzen da, berez sarbidea zailagoa duelako, baina ez da nahikoa; jendartea aldatu behar da.

Zerk okaztatzen zaituztete feministok sexuari dagokionez?

Askatasunez aukeratzeko eta aukera dena delakoa izanda ere bazterketarik ez jasateko eskubidean oinarritzen gara.

Gaur egun nola ikusten duzu emakumeen egoera?

Nahiz eta emakumeon eskubideen inguruan aurrerapauso izugarriak eman diren, egoera oso larrian gaude. Botereak eskubideen lorpenarekin guztia eginda dagoela saldu badigu ere, jendartean sexu bereizketak dirau.

Ez duzu uste Irun eta Hondarribikoak ez direnek ez luketela muturra sartu behar bertako alardeetan?

Bi herri jakinetatik haratago doa. Emakumeoi festan parte hartzeko aukera debekatu zaigu, tradizioaren izenean. Are gehiago, guztien parte-hartzea defendatu beharko luketen erakundeek, hau da udalek, ahal duten guztia egiten ari dira aurrerapausorik eman ez dadin, Gasteizko Parlamentuan onartutako Berdintasun Legeari muzin eginez. Zergatik ez dugu defendatuko emakumeok gure parte-hartzea?"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide