Jose Mari Eizagirre: "Zuzendaritzan aldaketa behar da, ziklo berri bat hasi behar delako"

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 19a, 12:04

Jose Mari Eizagirrek 29 urtetik gora daramatza Lagun Onaken zuzendaritzan; orain erreleboa eskatu du urola-kostakohitza.info

Jose Mari Eizagirrek 29 urte daramatza Lagun Onak futbol taldearen zuzendaritzan. Eta azken 13 urteetan Lagun Onakeko presidentea da. Orain zuzendaritza berritu nahian zaletu eta bazkideen batzarra deitu dute. Bilera ostegunean da, 19:30ean, Enparan dorretxean.

Urte mordoxka daramatzazu lehendakaritzan...

Urte mordoxka daramatzat, 15 urte nituenetik Lagun Onaken bueltan ibili naiz, bai futbol taldearen eta baita txirrindularitza taldearen inguruan ere. 1971tik 1973 artean presidente karguan egon nintzen, gero, berriz, zuzendaritza taldean eta azken hamairu urtean segidan presidente karguan.

Eta zer aldatu da ordutik hona?

Asko aldatu da, garai hartan bi futbol talde genituen eta gaur egun zortzi talde ditugu. Lagun Onakeko lehen taldea hor ibili da, oraintxe Preferente mailan eta gero Hirugarren Mailan. Baina talde kopurua asko igo da, eta baita taldearen bueltako aurrekontua ere. Gaur egun, 28 milioi pezeta inguruko aurrekontuarekin gabiltza.

Gainera, gauzak gehiago aldatuko dira, aldaketak datoz. Federazioak nesken futbola mutilen pareko jarri nahi du eta orduan maila desberdinetan taldeak eduki beharko ditugu. Horrek 12 talde edukitzea suposatuko du. Orain, hala ere, futbol zelai berria egiten ari dira eta belar artifizialekoa denez, naturalekoak baino mantenu merkeagoa edukiko du. Gaur egun, hamaika futbol talde daude herrian: Lagun Onakekoak zortzi eta Ikasberrikoak hiru. Futbol zelai aldetik gaur egun dauden arazoak konpontzen lagunduko du.

Zaletuen aldetik ere aldaketa egon da, lehen jende asko etortzen zen Lagun Onak ikustera eta gaur egun gutxiago etortzen da. Bazkideak ere gutxitzen ari dira, baina hala ere bazkide finak baditugu. Eskerrak horiei.

Eta zein izan dira garai onenak urte hauetan?

Mailaz igo garenean. Gogoan ditut Hirugarren Mailan Madrilen eta jokatzen genueneko urteak. Izugarria zen, zaletu asko etortzen zen orduan futbol zelaira.

Eta txarrak?

Mailaz jaitsi izan garenean pena hartu izan dugu. Baina txarrak ez ditut gogoan. Onak bai.

Zer eskatzen du Lagun Onakeko presidente izateak?

Dedikazio asko eta jardun egin beharra. Guk, hala ere, denbora badugu eta horretarako hartu dugu. Denboraldia hasten denean, lan egin behar da, baina gutxiago. Baina denboraldi aurretik taldeak osatzeko kanpotik jokalariak ekarri behar izaten dira, tituludun entrenatzaileak inguratu... gauza asko egin beharra dago, eta horretako zuzendaritza talde bat dago.

Orain zuzendaritza aldatu nahian batzarra deitu duzue, eta lehendakaritzarako hautagaiak eskatu...

Bai, hala da. Aldaketa behar da, ziklo berri bat hasi behar delako. Zuzendaritzan gaudenak urte mordoxka daramatzagu. Zuzendaritzan gaudenok, gehienok, hamar urtetik gora daramatzagu. Guk gure uste onenean egiten ditugu gauzak, baina jende berri bat sartuz gero kontuak egiteko era eta aldatu egingo lirateke, gauza berriak sartuko lituzkete. Gu haiei laguntzeko prest gaude, inguruan izango gaituzte. Zaila da hautagai bat taldetxo batekin aurkeztea, baina jendea animatu nahiko nuke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide