Foru Aldundiaren egoitza berria inauguratu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 26a, 17:04

Aldundiko eta Udaleko arduradunek atzo inauguratu zuten Aldundiaren egoitza berria.

Urola erdiko 6.500 zergadunek egingo dute errenta aitopena egoitza berrian (urola-kostakohitza.info)

Atzo, Errenta Kanpainaren lehen egunean, Aldundiaren Azpeitiko egoitza berria inaguratu zuten Aldundiko eta Udaleko arduradunek. Julian Elorza hiribidea 3an dago, eta Jose Artetxekoa ordezkatuko du. Inaugurazio ekitaldian, bulego berrietan izan ziren Joan Joxe Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Jose Mujika Fiskalitate eta Finantzetako foru diputatua, Nuria Lopez de GereƱu Landa Ingurumenaren Garapenerako foru diputatua, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea eta Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko Ogasuneko sailburua.

Egoitza berrian, errenta bulegoaz gainera beste hainbat foru zerbitzu emango dituzte. Hiru helbururekin ireki dute egoitza berria: "Lehenik, Foru administrazioaren ardurapeko hainbat zerbitzu Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa eta Zumaiako herriei kalitate parametro egokiekin eskaintzeko. Bigarrenik, herritarrei erabateko erraztasunak emateko eta irisgarritasuna bermatzeko; eta hirugarrenik, erosotasuna eta tramitazio azkarra izan dezaten errenta aitopena hor egingo duten zergadunek". Azpeitiko egoitzan aurten errenta aitorpena 6.500 zergadunek egingo dutela aurreikusita du Foru Aldundiak.

Udalarekin trukea

Julian Elorza hiribideko lokala erostea iaz erabaki zuen Diputatuen Kontseiluak, uztailaren 24an. 928 metro karratu ditu 699 metro karratu behe solairuan eta 182 metro karratu eta 46 metro karratu erdisotoko bi solairutan.

Aldundiak, lokalaren erosketa Azpeitiko Udalarekin trukea eginez egin du. Udalari Jose Artetxe kaleko lokalak eman eta 450.000 euro ordaindu dizkio Aldundiak, "Azpeitiko Udalak erosteko lehentasuna izango du hurrengo hamar urteetan". Gainera, Julian Elorza hiribideko egoitza berria egokitzen 895.198 euro gastatu ditu Aldundiak.

Egoitza berriak, Jose Artetxe kalean zegoena ordezkatuko du. Hura 1983an zabaldu zen eta gaur egun beharrezko neurriak eta ezaugarriak ez ditu eta gainera oztopo arkitektonikoak dituen lokala da. "Nekez bete zitzakeen gaur egun Aldundiak eskaini nahi dituen zerbitzuak eta horregatik erosi ditu lokal berriak", diote Aldundikoek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo hasi zuen Errenta Kanpaina; hamabi bulego ditu aitorpen mekanizatua egiteko, horietako bat da Azpeitikoa. Atzo, lehen egunean, 1.900 errenta mekanizatu egin ziren 12 bulegoetan. "Lokal berria erosi genuenean, 2004ko errenta aitopena bulego berrietan egin ahal izateko konpromisoa hartu genuen eta horixe bete dugu", zioten Aldundikoek atzo, inaugurazio ekitaldian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide