Musika ikastea aukeran

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 27a, 17:04

Juan Antxieta musika eskolak matrikula epea irekitzear du (urola-kostakohitza.info)

Juan Antxieta musika eskolak datorren ikasturterako matrikulak egiteko epea irekiko du datorren hilaren lehen egunean. Lau urtetik aurrerakoentzako eskaintza du. Maiatzaren 31 arte dago izena emateko aukera, goizetan 10:30etik 12:30era eta arratsaldetan 17:30etik 19:30era. "Aurten telefonoz informazioa bakarrik emango dugu, eta matrikula egitera musika eskolara bertara etorri beharko da", dio Maria Jose Bikendi Juan Antxieta Musika Eskolako zuzendariak. 943 816263 da bertako telefonoa, eta bertara hots egin behar da.

"Guk, ikasleak hiru mailatan banatzen ditugu, adinaren arabera, eta eskaintza ere maila horien baitan ematen dugu", dio Mari Jose Bikendik. Lehen mailan, hau da, 4 urtetik 6 urtera arteko haurrentzat, perkusioa, txistua, biolina eta baleta ematen dituzte. Bigarren mailan, berriz, aukera zabala dago: hizkuntza musikala, musikoterapia, abesbatza, baleta eta instrumentuak (biolina, txeloa, gitarra desberdinak, baxua, flauta, klarinetea, saxoa, tronpeta, pianoa, akordeoia, txistua, trikitixa, panderoa, txalaparta, kaja flamenkoa eta perkusioa). Hirugarren mailan, abesbatzak, armoniak, comboak eta informatika musikalak osatzen dute eskaintza. "Comboa, azken batean, musika talde bat litzateke. Taldea osatzea pixka bat ikasleen esku uzten dugu. Aurten hasi gara horrekin, eta dagoeneko talde bat osatu dugu. Jakineko jende bati esan genion eta horrelaxe osatu da taldea; oso talde polita da", dio Bikendik.

Informatika musikala

Datorren ikasturtean, aurreneko aldiz informatika musikala eskainiko dute Juan Antxieta musika eskolan. "Hori berria da guretzat, eta lehendabizikoz datorren ikasturtean hasiko gara. Horretarako, gainera, ordenagailuekin-eta gela bat jarri beharko dugu", dio Bikendik.

Bestelako proposamenak jasotzeko ere irekita daude, "jendearen nahiak eta gogoak jakiteko eta entzuteko prest gaude; proposamenak jasotzeko interesa baitugu".

Gaur egun, musika eskolak 300 ikasle ditu, eta 17 irakaslek eta administrari batek egiten dute lan. Baina musika eskolatik kanpo, herriko hiru ikastetxeetan ere hezkuntza musikala ematen dute, eskolatik kanpoko eskaintza moduan. "Hor ere ikasle ugari ditugu", diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide