Eguraldi ona egiten zuela-eta Loiolatik bueltaxka bat egitera joan nintzen aurreko batean. Aspaldian bertako zuhaiztitik pasatu gabe nengoen eta... ea non nire sorpresarako aldaketa bitxi bat azken hamabost eguneko kontua dela esango nuke. Urritz zuhaixka batzuk (avellano tortuoso), hiru landare hain zuzen ere, aldatuta daudela nabaritu dut eta haien ordez, berriz, yuca antzeko palma moduko bat jarrita.
Gehien harritu nauena ez da landareak aldatu dituztela, ez. Zeuden landare paregabeak baizik, ondo kotizatzen baitira horien adarrak eta. Hauxe nire kezka, merkantilismo hutsagatik aldatu ote dituzten, besterik ez. Gaixorik ez zeuden beste zuhaitz batzuk bezala.
Bide batez zenbait altxor bazeuden han eta bere kasa desagertzen joan dira; batzuk gaixotuta. Baina pixkanaka hasieran zuen handitasun eta erreferentzia hura galtzen joan da. Gaizki zaindutakoaren errua izango dela ere uste dut.
Ingurumen museoa hortxe bertan egonda, nolatan ez da ezer gehiago egiten hor dauden espezie arraroak ezagutu eta didaktikoki erabiltzeko? Zuhaitz horietan ardura gehiago izanez gero, zalantzarik gabe ikusgarriagoa eta aprobetxagarriagoa izango litzateke. Botanika gustuko dugunoi mesede ederra egingo liguke, eta inguruari beste ukitu berezi bat emango lioke. Dagokionak kontuan hartuko duelakoan.