Enparan barrenetik hasiko da obra

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 28a, 17:04

Lau hilabete eta erdi eta sei hilabete artean iraungo dute lanek (urola-kostakohitza,info)

Alde Zaharrean, Enparan kalean eta Plaza Txikian egingo diren lanei buruzko hirugarren batzar bat egin zen atzo Udalak deituta. Batetik, alde zaharreko merkatariak eta bizilagunak izan ziren, eta bestetik, lanen inguruko azalpenak ematen, udal arduradunak, arkitektoa eta aparejadorea, eta baita obraren proiektua egin duen Jon Txabarri arkitektoa ere.

Lanak datorren asteartean hasiko dira, Enparan barrenetik. "Enparan kalearen barrenetik hasiko ditugu obrak, eta kalean gora etorriko gara", azaldu zuen Jose Mari Arregi Udaleko aparejadoreak.

Lau hilabete eta erdi eta sei hilabete arteko iraupena izango dute Enparan kalean eta Plaza Txikian egingo diren berritze lanek. "Espero dugu iraila bukaerarako edo urrirako bukatuta egongo direla", zioten Udalekoek. Baina obraren proiektua egin duen Jon Txabarri arkitektuaren esanetan, "sei hilabete" beharko dira obrak ondo bukatzeko. «Horrelako obrak nahikoa konplikatuak izaten direlako, sei hilabeteko epea kontuan izan behar dugu".

Saninazioetan geldirik

Lanak, santioetatik eta saninazioak bukatu arte geldirik egongo dira. "Ahalik eta eperik motzenean egiteari lehentasuna eman diogu, beraz, festa egun horietan obrak geldituta egon eta abuztuan berriro hasiko dira. Gainera, abuztuan mugimendu gutxiago izango da kalean, eta obrak azkarrago egiteko aukera izan nahi dugu".

Abuztua arte Plaza Txikian ez dira hasiko lanean. "Bestela, beste hiru kaleak autoentzat itxi egin beharko genituzke".

Merkatari batzuk peatonalizazioaren kontuaz eta espaloiak egin edota oinezkoentzako piboteak jartzeko aukerarik ba al dagoen galdegin zuten bileran. Udaleko teknikoen esanetan "kaleak estuegiak" dira horretarako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide