'Elkartasun Eguna 2005' aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 9a, 17:05

Maiatzaren 21ean ospatuko da, eta hainbat ekitaldi izango ditu (Urola Kostako Hitza)

"Euren interesak alboratu eta bakearen aldeko apustua egiteko" gonbitea egin diete "entzungor dauden alderdiei"

Larunbatean Sindikatu Zaharrean egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuten maiatzaren 21ean egingo den Elkartasun Eguna. Azpeitiko talde, gizarte eragile eta lagun ugariren elkarlanari esker antolatuko da bosgarren urtez Elkartasun Eguna. Ekitaldiz betetako eguna antolatu dute aurtengoan ere. "Euskal preso politikoen kolektiboaren defentsan jaia eta aldarrikapena uztartu" nahi dutela esan zuten antolatzaileek. "Gaur egun, 700dik gora preso politiko, errefuxiatu eta iheslari daude, eta horietatik 11 azpeitiarrak" direla eta "etorkizunean bake eszenatoki baterako prozesuan preso politikoek parte hartzea ezinbestekoa dela" aipatu zuten. "Entzungor dauden alderdiei" egin zieten dei Azpeitiko plataformakoek, "euren interesak alboratu eta bakearen aldeko apustua egitera" gonbidatuz.

Antolatzaileek Joseba Segurola Xegu azpeitiar presoaren aipamen berezia egin zuten aurkezpenean. Segurola isolatuta dago Frantziako Villefranche-Sur-Saoneko espetxean, Aste Santua baino lehenagotik. 22 ordu ziegan itxita pasatzen ditu, eta beste biak patio txiki batean bakarrik. Ezin du bisitarik eduki eta egoera hau hiru hilabetetik urtebeteraino luzatu daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide