"Hemen gatoz zuengana, horma hauetatik kanpo bizi zaretenongana. Guk sortutako lanak dakarzkizuegu. Nahi genuke gure ahaleginak eta lanak aintzat hartu eta onartuko bazenituzte. Poz emango liguke hori jakiteak, guregan uste ona izaten eta etorkizun argiago bat ikusten lagunduko zenigukete. Nahiko genuke ikustaldia guk geuk gidatua izatea, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa da", diote Martuteneko presoek Sormena aske denean erakusketa dela-eta.
Ostiralean ireki zen Martuteneko presoen artelanen erakusketa, Betharrametako aretoan. Maiatzaren 13a arte egongo da zabalik, larunbat eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ,eta astegunetan, berriz, 18:00etatik 20:00etara. Espetxeratuekiko Elizbarrutiko Pastoraltzak antolatu du erakusketa. "Lan horietan pertsona horien borrokak, beren bihotz urratuak eta bizi nahia sentitu ahal izango ditugu", diote erakusketaren antolatzaileek.
Margoak eta zeramikak daude erakusketan, eta ikusteko bakarrik ez, Martuteneko espetxeko hormak gainditu dituzten artelanak erosteko aukera ere ematen baita.