EBPNren lehenengo Ekintza Planaren balorazioa egin du Aholku Batzordeak

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 10a, 17:05

Hobetu beharrekoaz ere jardun zuten joan den hilaren 21ean

Merkataritza arloan "bi egiaztagiri egoteak nahasmena sortu duela" esan zuten (urola-kostakohitza.info)

Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren lehendabiziko Ekintza Planaren balorazioa egin zuen Aholku Batzordeak, apirilaren 21ean. 2004ko Ekintza Planaren ondorioak atera eta baloratu zituzten. Balorazioa Siadecok eta Euskara Patronatuak egin zuten.

Arlo sozioekonomikoarentzako komunikazio plana jarri da abian 2004an, eta hemen erabilitako materiala "arlo soziokonomikoko eragile ia guztiek, %99ak" ezagutzen dutela adierazi zuten. Euskara Merkataritzara egitasmoan, berriz, "katalogoaren itxura aldatu" dutela esan zuten, "zerbitzuen eskaintza handiagotzeko". Alor honetan, hobetu beharreko kontuetan "bi egiaztagiri egoteak nahasmena sortu duela" esan zuten.

Lan munduan euskara sustatzearen inguruan, "foro batean enpresa desberdinetako kideak batzea" lortu dela adierazi zuten, eta lortu beharrekoen artean "enpresa munduak euskararen normalizaziorako ekintza eta eragileekiko dituen aurreiritziak eta irudiarekin zerikusia duten alderdi ez positiboak gainditu beharra" azpimarratu zuten. Lan mundua eta hizkuntzaren normalizazioarekin lotuta, Bulego Teknikoaren proiektua egin zen 2004an: "Hizkuntza normalizaziorako ahaleginak optimizatzeko planteamendu berri bat da".

Herri elkarteentzako komunikazio planean egindakoaz ere hitz egin zuten: "Egindako komunikazio planak herriko eta arlo asoziatiboko euskararen egoeraren inguruko informazio osagarria jasotzeko interes handia izan du". Mikroplangintzez ere jardun zuten eta Azpeitiko Udaleko euskararen sutapeneko udal ordenantza egiteko urratsak eman direla ere aipatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide