Normaltasuna? Lekutan dago

Leire Ostolaza 2005ko mai. 16a, 17:05

Ostolaza ama izango da, eta bertsolari izaten jarraitu nahi du

"Emakumeari oraindik halako zuzentasun batetik ez ateratzea eskatzen zaio", dio urola-kostako hitza.info gunean

Atzo laurogeita hamasei urte bete zituen gure amonak. Zorionak! Azkenekoz orain pare bat aste joan nintzaion bisitan, eta haurdun nengoela aitortu nionean zorionak eman ondoren ahotik aurrena atera zitzaiona, zera izan zen: orain utzi beharko diozu kantatzeari! Ez nion ezetzik esan, eta entzun ez banu bezala jarraitu genuen elkarrizketa atseginean. Geroztik askotan gogoratu naiz esan zidanaz, batik bat bera baino hirurogeita hamar urte gazteagokoak tripa luzatzen hasterako lanari noiz utzi behar diodan galdezka hasten zaizkidanean. Ondo nagoen bitartean biak egin ditzaket, bai eguneroko lana eta baita noizean behingo bertso saio bat ere. Gure amonak, beste askok bezala, ez du ama bat tabladu gainean ikusten. Zenbat aldiz entzun dugu halako bertsolarik ez duela seme edo alaba ezagutzen, eta txistea eginez kantatutako bertsoak... Gure kasua iristen denean, ziur naiz txisterik ez dela izango horri buruz, baina ordu txikitan bertso afariren batean bertsotan ari garela norbaitek beste baten belarrira esango duela ea zer ama klase den haurra utzita kalean parrandan dabilena. Esan dudan hau gertakizunak aurreratzea izan liteke, baina zoritxarrez oso urruti ez naiz ibiliko. Joan den astean ikusi nuen Hitzetik Hortzera-ko emakume bertsolariei buruzko saio berezia, eta han esan ziren gauza asko beste jarduera askotan ere antzekoak izango dira akaso. Emakumeari oraindik atentzio gehiegi ez ematea, ozenegi ez hitz egitea, halako zuzentasun batetik ez ateratzea eskatzen zaio, eta heziketa horrelakoa den bitartean geure burua izango dugu traba handiena askatasun osoz egingo genukeena egiteko.

Lortu behar dugu, batzuetan geure buruari gogor eginez bada ere, gustura gabiltzan horretan zahartu arte jaraitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide