Merkataritza arlorako BDP Softwarea, euskaraz den gestiorako programa berria aurkeztu zuten ostiralean Euskara Patronatuan. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, Udaleko Euskara eta Merkataritza, industria eta turismoa sailek elkarlanean bultzatutako ekimena da.
BDP Softwarea ostalaritza eta merkataritzako gestiora zuzendutako programa Ibermix SL enpresa kataluniarrak sortu du, eta Eusko Jaurlaritzak euskaratu du. Azpeitian Softekin enpresa arduratzen da banaketaz. "Erregistro makina baten eran funtzionatzen du, baina edozein kudeaketa programak adina ahalmen eta aukera du: ordainagiriak, fakturak, biltegiko kontrola, sarrera-irteerak...). Ordenagailuko pantaila behatzekin ukituz, batetik bestera ibili gaitezke", azaldu zuen Softekineko Saioa LarraƱagak.
Merkataritzako alor desberdinetara egokitutako programa da, hala nola, ostalaritzara, dendetara, okindegi eta gozotegietara, neurri eta kolorez funtzionatzen dutenetara, ileapaindegi eta estetika zentroetara, hotelak... "Gainera, komertzio bakoitzaren arabera moldatu daiteke", esan zuen LarraƱagak.
Batzar informatiboak
Udalak, herriko establezimenduetara euskarazko gestio programaren berri ematen eskutitzak bidaliko ditu egunotan, programa azaltzeko egingo diren batzarren berri emanez. Aurrena ostalaritzakoekin egingo dute, etzi, 14:30ean, Euskara Patronatuan.
Diru laguntzak
Udalak BDP Softwarea euskaraz dohainik jartzeko diru laguntzak emango ditu. Baina bi baldintza bete behar dira. "Establezimenduak bezeroari euskaraz eman beharko dio zerbitzua ,eta bestetik programa jarri eta epe batera jasoko du diru laguntza. Epe horretan Euskara Patronatuak ziurtatu egingo du establezimenduak ea benetan euskarazko gestio programa erabiltzen duen", azaldu zuen atzo Patxi Saez euskara teknikariak.
Eusko Jaurlaritzak ere ordenagailua jartzeko laguntzak badituela azaldu zuten. Egingo diren batzarretan diru laguntzen berri ere emango dute Patronatukoek.