Herritar ugarik parte hartuko dute larunbatean Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topaguneak antolatu duen V. Elkartasun Egunean. Lanean edota lasterka, jolastuz, sokamuturrean, bazkalduz, manifestazioan aterata... era besberdinetara parte hartuz, baina denak Elkartasunez presoak herrira leloak batuko ditu.
"Euskal preso politiko eta errefuxiatuen eskubideen aldeko asko" zegoela ohartu eta herritarrei horren alde lan egiteko bide bat zabaldu nahian sortu zuten Topagunea, iaz otsailaren 9an. Kursaaleko Adierazpen Nazionalaren lau puntuak beregain hartuta abiatu zen. "Preso eta errefuxiatuen aldeko ekitaldi solte batzuk egiten ziren herrian eta jendea zerbait egiteko gogoz zegoen, baina ez zekien nola. Topagunea horiei bidea errazteko eta gauzak antolatzeko eta koordinatzeko sortu zen; motorra izateko. Bakoitzak, bere alorrean, preso eta errefuxiatuen alde zerbait aportatzeko ateak ireki zituen", dio Aitor Zinkunegi Topagunekideak. Gaur egun 106 topagunekide dira. "Baina, horiez gain tabernak eta eragileak ere badaude".
Une hauetan, Topagunea buru-belarri ari da larunbateko Elkartasun Eguna antolatzen dabil. "Ia dena lotuta dugu", diote.
Aurten, Elkartasun Egunerako herritarrei bezalaxe herriko alderdi politikoei ere atxikimendua eskatu diete. "EAJ, EA eta Habearekin bilerak egin eta atxikimendua eskatu diegu. EAk, alderdi bezala ez baina pertsonalki manifestazioan parte hartuko dutela erantzun du. Habeak parte hartuko du, baina EAJk oraindik ez digu ezer esan. Euren egoitzatan Euskal Presoak Euskal Herrira dioten maindireak jartzeko ere eskatu zaie. EAk ezezkoa eman du eta Habeari Udalak ez dio uzten, Sindikatu Zaharrean baitu egoitza". Udaletik antolakuntzarako laguntza jasotzen du Topaguneak: "Eskenatokia montatzen du Udalak, aulkiak jartzen ditu eta diru laguntza ere ematen du. Hori beharrezkoa da Elkartasun Eguna antolatzeko, baina Udalari Topaguneatik inplikazio gehiago eskatzen zaio, manifestazio isilerako deia egitenez eta euskal preso politikoen alde konpromisoak hartuz".
Herriko preso eta iheslarien gurasoek ere eskertzen dute Elkartasun egunean herritarrek egiten duten ahalegina eta lana. "Senideontzat babes handia da, lagun asko jarduten da lanean eta herritarren parte hartzea ere nabarmena izaten da. Elkartasun guzti hori inportantea da. Topagunea egiten ari dena ere eskertzekoa da, presoen alde lan egin nahi dutenentzako toki bat sortu duelako", dio Juanita Jauregi Xabier Etxeberria presoaren amak.
(Ikusi egitaraua agendan)