Habeak dioenez, Udalak "negozioa lehenesten" du

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 23a, 17:05

Udalean lurraren erabilpenaren inguruan hartzen ari diren hainbat erabaki kritikatu ditu Habeak

Etxebizitza eskubidearen inguruko kanpaina abiatu du Azpeitiko ezker abertzaleak (www.urola-kostakohitza.info)

Udalean lurraren erabilpenaren inguruan hartzen ari diren hainbat erabaki kritikatu ditu Habeak: "Landetan Arcelor egiten ari den handitzea, Loiolabiden etxebizitzak egiteko eta Larringo eremuan industrialde bat egiteko erabakiak daude hor, besteak beste".

Azken hilabeteetan Udalean Arau Ordezkatzaileak eztabaidatzen ari dira, baina zenbait gai dagoeneko Udalak erabaki ditu. "Zenbait erabaki potolo eztabaida horretatik kanpo hartu dira. Eta, Arau Osagarrien eztabaidak lurraren erabilpenean du eragin nagusia, beraz herriko behar nagusien ondorioz egin behar genituzke arauen aldaketak", dio Habeako IƱaki Errazkinek. Arau Ordezkatzaileen eztabaidan udal ordezkariek bakarrik parte hartzen dute, baina Habeakoen ustez herritarrek ere hor egon beharko lukete, "beste zenbait herritan bezala, esaterako Orion eta Zarautzen".

Behar bakoitzari ematen zaion tratamendu desberdina salatu zuen Habeak. "Loiolabiden 300 etxebizitza baino gehiago egitea erabaki da. Proiektuak sustatzaile pribatuak izango ditu, eta ondorioz han egingo diren babes ofizialeko etxebizitzak sustapen pribatukoak izango dira. Eta etxe horiekin ere negozioa egingo dute. Esku pribatuei erraztasunak eman zaizkio eta Udalak ondo kontrolatutako babestutako etxe duinak egiteko aukera polit bat galdu du". Habeak etxebizitza eskubidearen aldeko kanpainari ekin dio egunotan, eta esku-orriak banatuko ditu herriko postontzietan.

Udalak, Larrinen industrialdea egiteko erabakia hango lur jabeekin hitz egin gabe hartu izana salatu zuen Habeak. "Gainera, Udalak lur horiek espropiatzeko aukera du". Larrinen ondoan dagoen Larreko eremua industriarako prestatuta egon arren geldirik dagoela ere adierazi zuen Habeak. "Hori esku pribatuetan dago, eta Udalak inoiz ez du planteatu han esku sartzerik".

Sistiaga-errekako harrobiko espropiazioak ere martxan daudela azaldu zuten. "Hango bizilagun eta lurjabeek ere ez dute nonbait Udalaren errespeturik merezi".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide