Hamar etxebizitza alokatzeko bidean

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 26a, 18:05

Bizigune programa otsailaren hasieran jarri zen martxan, eta Azpeitia Lantzen-etik bideratzen da informazioa (www.urola-kostakohitza.info)

Etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko Bizigune programaren bidez, Azpeitiko hamar etxebizitza daude alokairuan emateko bidean. "Horietatik batzuetan obra egin beharra dago alokairuan jarri aurretik, eta une honetan VISESA ari da kasu bakoitza aztertzen", dio Mari Carmen Aranbarri Azpeitia Lantzen-en Bizigune programa bideratzen ari denak.

Bizigune programa Azpeitian martxan jartzeko hitzarmena urtarrilaren 13an sinatu zuten Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak. Ordurako Azpeitian zazpi etxebizitza programa honen bidez alokatuta zeuden. Baina, herrian etxe huts asko zeudela eta, etxe horiek alokairuan jartzera animatu nahian jarri zuten programa martxan. "Hitzarmena sinatu zenean 1.100 etxebizitza hutsik zeudela esan zen, baina otsailean lanean hasi ginenean ohartu ginen batzuetan jendea bizi zela, beste batzuk erortzeko zorian daudela... Datu basea eguneratu eta etxe hutsen jabeei gutun bat bidali diegu. Orain, etxejabeei deitzen ari gara Biziguneri buruzko informazioa zuzenean emanaz", dio Aranbarrik.

Etxe hutsen jabeen aldetik denetariko erantzunak jaso dituztela diote Azpeiti Lantzenen: "Asteburuetako etxebizitza bezala dute batzuk. Bigarren etxebizitza bezala, alegia. Edota seme-alabentzat gordeta dute etxea. Baina informazioa jasotzera etorri direnak ere badira".

Azpeitia Lantzenen batez ere etxebizitza hutsak alokairuan jartzera bideratzen ari dira. "Batez ere etxejabeei Bizigune programaren azalpenak ematen ari gara, baina alokairuan hartu nahi dutenak ere informatzen ditugu". Etxebizitza alokairuan hartu nahi dutenak ere joan dira Azpeitia Lantzenen bulegora: "Honera bost edo hamar lagun etorri dira etxe bat alokatuko luketela eta informazio eske". Baina izena emateko beste aukera batzuk ere badaude: Etxebiden bertan, Kutxan edota Euskadiko Kutxan.

Azpeitia Lantzenen Bizigune programaren inguruko informazioa jasotzeko edota Etxebiden izena emateko goizez egoten da bulegoa irekita (Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan), 10:00etatik 14:00-etara bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide