Labaka, Espainiako Ligako laugarren zentralik golegileena

Uztarria 2005ko mai. 30a, 13:05

  • Gol bateko aldearekin baino ez dute bukatu aurrekoek
  • Denboraldi garrantzitsua izan da azpeitiarrarentzat

Atzo (igandea) bukatu zen Espainiako Lehen Mailako futbol Liga, eta Mikel Labaka Realeko azpeitiar jokalariarentzat Liga garrantzitsua izan da, Lehen Mailan debuta egiteko aukera izan duelako, eta, gainera, Realean titular postua lortu duelako.

Igor Jauregi eta Brechet zentralen lesioen ondoren hasi zen jokatzen Labaka, baita ondo jokatu ere. Gainera, hiru gol sartu ditu.

Gol horiei esker, eta datu bat ematearren, Ligako laugarren zentralik golegileena izan da. Juanito (Betis), Rivas (Betis) eta Lopo (Espanyol) geratu dira haren aurretik, bakoitzak lau gol sartuta. Dena dela, hirurek Labakak baino minutu gehiagotan jokatu dute, eta hori kontuan hartu behar da (Juanitok 2.949tan, Rivasek 2.836tan, Lopok 3.229tan eta Labakak 2.700tan).

Zentralen artean, azpeitiarrarekin batera hiru golekin, hauek geratu dira: Helguera (Real Madril; 2.867 minutu), Milito (Zaragoza; 3.150 minutu), Pablo (Atletico Madril, 3.150) eta Aitor Ocio (Sevilla; 1.496 minutu).

Realeko beste jokalari azpeitiarrak ere hiru gol sartu ditu denboraldi honetan (Mikel Aranburu erdilariak).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide