Pasa den asteburuan hasi zen Euskadiko Segalarien Txapelketa, eta Amurrion egin zen kanporaketan Jexux Goenaga Umansoro gazte errezildarra garaile izan zen. Goenagak ordu erdiko saioan 1.700 kilo ebakitzea lortu zuen, eta bigarren sailkatu zenari 400 kiloko aldea baino gehiago atera zion.
Goenagak benetan saio txukuna egin zuen Amurrion, eta segarekin moztu zuen belardia zeharo txukun utzi zuen, lehiaketa hauetan egin behar den moduan.
Epaileak zorrotz aurten
Aurtengo denboraldian epaileak oso zorrotz dabiltza, eta aspalditik betetzeko eskatzen ziren neurriak hartzen hasi dira. Arautegiak dioen bezala, belardia erabat txukun utzi behar da, eta behar den bezala egin mozketa lanak. Epaileek lehiaketan zehar oharrak ematen dituzte, eta parte hartzaile bakoitzari emandako ohar bakoitzeko txartelak ateratzen dituzte. Txartela ateratzen duten bakoitzean 20 kilo kentzen zaizkie.
Amurrioko kanporaketan arautegia ez betetzeagatik penalizatu egin zituzten parte hartzaileak. Goenagari 20 kilo gutxiago kontatu zizkioten, Migel Angel Goiagari 240 eta Leitzako Kanflankari, berriz, 60 kilo.