Tailerrean egindakoa jendartera

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 17a, 18:06

Emakumeen Mahaiak antolatutako tailerretan ibili direnen asteburua da (www.urola-kostakohitza.info)

Urrian hasi ziren emakumeei zuzendutako tailerrak. Emakumearen Mahaiak antolatu zituen Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailarekin batera. Esku lanen (josten ikasteko, gurutze puntua, bolilloak, altzariak berritzea...) eta antzerki tailerrak egin dira hilabete hauetan guztietan, eta berrehun emakume inguru ibili dira. Orain ikasturtea amaitu dute, eta ikasitakoa eta egindakoa jendartean erakusteko garaia heldu zaie. Betharrametan, esku lanetakoek erakusketa jarriko dute eta antzerki tailerrekoek antzeztu egingo dute.

Atzo prestaketa lanetan murgilduta zeuden denak: esku lanetan irakasle aritu direnak erakusketako materiala atontzen ari ziren, eta antzerkikoak agertokia muntatzen.

Antzerki tailerrean irakasle jardun den Alaitz Olaizolak idatzi eta zuzendu du gaur antzeztuko duten Kontuz! Garbitu berria antzezlana. "Ordu erdi inguruko antzezlana da, motza eta esketx desberdinekin osatua. Komedia da", zioen Olaizolak agertokia muntatzeko lanetan zebilela.

Antzerki tailerraren helburua sormena lantzea da. Gustura ibili dira tailerrean gaur aktore lanetan ariko direnak, "giro ederrean ibili gara, oso ondo pasatu dugu. Gainera, heldu eta gazteak ibili gara eta elkarren arteko hartu emanerako balio izan du tailerrak. Burua landu dugu, lotsak kendu ditugu, gorputzak askatzen ikasi dugu... Gauza piloa ikasi dugu". Gaurko ekitaldia gertu, atzo arratsaldean urduritzen hasita zeuden tailerreko antzezleak. "Gu ahal duguna egiten ahaleginduko gara, eta ziur jendeak apreziatuko duela", zioten.

Egitaraua

Ekainak 17

  • 20:00etan, Kontuz! Garbitu berria antzezlana. Betharrametan. Sarrera doan.
  • 21:30ean, Afaria Kiruri jatetxean.

Ekainak 18

  • 11:00etan, eskulanen erakusketa. Betharrametan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Ekainak 19

  • 11:00etan, Betharrametan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide