Grebari ezezkoa Azpeitiko Arcelor Corrugadosen

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 24a, 18:06

Eguerdian egindako bozketan, 280 langilek ezezkoa eman diote grebari eta 88k baiezkoa

Bi orduko batzarra egin dute, eta zuzendaritzak bi eskaintza jarri ditu; lau urteko epekoa hautatu dute langileek

Gaur greba mugagabean hastekoak ziren Azpeitiko Arcelor Corrugados konpainiako langileak. Hala erabaki zuten ekainaren 15ean egin zuten asanbladan. Orduan, 167 boto grebaren aldekoak izan ziren eta 98 kontrakoak. LAB sindikatutik jakinarazitakoaren arabera, greba hasteko arrazoiak, negoziazioak geldituta egotea eta Arcelorrek langileei etorkizuneko plangintzaren berri eman ez izana ziren.

Baina gaur, greba hastera zihoan egunean, batzarra —bi ordukoa— egin dute langileek eta beste bozketa bat egitea erabaki: 280 langilek grebaren kontra eta 88k grebaren alde egin dute oraingoan. Aurreko asteko bozketaren aldean langile gehiagok bozkatu dute, eta emaitza ere bestelakoa izan da, alde handiz.

Gaurko asanbladan enpresako zuzendaritzak ere parte hartu du eta bi proposamen jarri ditu mahai gainean; bat, urtebeteko epea duena, eta bestea, lau urtekoa. Langileek grebari ezezkoa eman diotenez, beste bozketa bat deitu du enpresa batzordeak, zuzendaritzak egindako eskaintzetako bat aukeratzeko. Lau urteko iraupenekoa aukeratu dute langileek; 249 langilek lau urtekoaren alde bozkatu dute eta 22k urtebetekoaren alde.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide