Aldaketak zezenketetan

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 27a, 12:06

Zezenen mingain urdinaren gaitza dela-eta, ezingo da toriletara sartu

Abuztuaren 2an izan ordez, San Inazio bezperan izango da zezenketetako bat (www.urola-kostakohitza.info)

Aurten aldaketak izango dira saninazioetako zezenketetan. Zezenen artean zabaldu den mingain urdinaren gaitza dela eta, hainbat neurri hartuko dute Azpeitiko Zezenketen Batzordekoek. "Urtero bezalaxe santiotarako ekarriko ditugu zezenketetarako zezenak, baina gaitzaren kontu hori dela eta, neurri batzuk hartu beharrean gaude. Zezenak toriletara sartu eta bertan, goialdean, sare batzuk jarriko ditugu. Hortaz, zezenak ikusi nahi dituenak desenkajonamentura joan beharko du, beste urteetan ez bezala, aurten toriletara zezenak ikustera joateko aukerarik ez baita izango", dio Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak eta Azpeitiko Zezenketetako Batzordeko kideak.

Saninazioetako zezenketen egunetan ere bada aldaketarik aurten. Izan ere, San Inazio bezperan zezenketa bat izango da. Hori abuztuaren 2an izaten denaren ordez antolatuko dute. Bezpera aurten larunbata egokitzen da, eta horregatik egin dute aldaketa hori. "Aurten festak San Inazio bigarrengo gau-pasarekin bukatuko dira", kontatu du Ibarzabalek.

Dagoeneko, Zezenketa Batzordeak festen aurretik egin beharreko ia lan guztiak lotuta ditu. Urtero egin ohi duten moduan, aurtengo zezenketen karteldegia etorriko diren ganadutegiak, zezenak eta toreroak asteazkenean aurkeztuko dute, 12:30ean, Donostiako Maria Cristian hotelean.

Azpeitian herriko jaiei begira jarrita dago jendea, eta lanean ari dira batzuk: txosnak lotzen, eskaera egiten, batzordea era martxan da... "Egitaraua osatzeko hiru bilera ireki deitu genituen Udaletik eta ia inor ere ez zen azaldu. Orain txosnetakoak eskariak egiten ari dira, eta laster haiekin bilera bat deituko dugu", aurreratu du Ibarzabalek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide