Xoxoteko Ekimena uztailaren 3an egingo dute aurten

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 27a, 12:06

Iaz hasi ziren berriro ekimen hau egiten, eta antolatzaileen hitzetan "errepresaliatu guztiak omentzea du helburu"

"Herri honen sufrimenduarekin amaituko duten konpromisoak hartzeko" eskatzen die Askatasunak "Espainiara begira gobernatzen" dutenei (www.urola-kostakohitza.info)

Askatasuna erakundeak Xoxoteko Ekimena aurkeztu zuen ostiralean, Zestoako kultur etxean. Borrokan tinko, amnistia lortu arte! izango da aurten uztailaren 3an egingo duten ekimenaren leloa. Urola Kostako ekimena da Xoxotekoa. Antolatzaileen hitzetan, "eskualde honetako errepresaliatu guztiak omentzea da ekimenaren helburua". Garai batean egiten bazen ere, denboraldi batez etenda egon zen, eta berriro iaz berreskuratu zuten ekimena.

Beraz, uztailaren 3an Xoxote (Izarraitz) izango da hitzorduaren topagunea. Eguerdiko 13:00etan ekitaldia egingo dute, eta 14:00etan, berriz, bazkaria izango da Xoxoten bertan. Bazkarian parte hartzeko txartelak salgai daude hainbat tabernatan.

Antolatzaileen hitzetan, "aurten ere gora goaz, gure eskualdeko gailurrik altuenean, euskal preso, iheslari eta gure oroitzapenetan present dauden Euskal Herriaren aldeko borrokan bidean gelditu direnei omenaldi xumea" eskaintzera. Egun, 714 preso politiko daude Espainiako zein Frantziako espetxeetan, eta 2.000 iheslari baino gehiago. Horietatik 19 preso eta 10 iheslari Urola Kosta eskualdekoak dira. Preso hauetatik, hamahiru Espainiako espetxeetan daude, eta gainontzeko sei Frantzian daude espetxeratuta.

"Agintari nagiei eta Espainiara begira gobernatzen duten horiei Askatasuna erakundetik mezu bat helarazi nahi diegu: gatazkaren konponbidean eta herri honen sufrimenduarekin amaituko duten konpromisoak hartzeko garaia iritsi dela", gaineratu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide