Urte askoan ukitu ere egin gabe zegoen harriarekin marka jartzeko saioa egin zuten herenegun, Oñatzen. Orain dela 37-38 urte, hamar gizonezkok 2.220 kiloko harriarekin marka jarri zuten. Baina markaren araberako bertsio desberdinak daude: batzuek hamar minutuan hamar plaza diote eta beste batzuek 15 minutuan hamabost. Baina aurtengo San Juan jaien barruan, 22 plaza egin dituzte zortzi lagunek, harri berarekin eta orduerdian.
Gogorra, gogorra izan zen egin beharreko lana. Bero egiten zuen. Egin beharreko ahaleginaren eta beroaren ondorioz, hamar lagunetatik bik proba utzi eta beste bik hartu zuten haien lekua.
Gizon proban jardun zutenetako ia guztiak Nuarbe Sokatira Taldekoak ziren, baita entrenatzaile lanetan ibili zena ere: Iñaki Altuna. "Jendeak paliza dezentea hartu zuen gizon proban; harri handia zen eta justu-justu plaza bat egiten zuten gelditu gabe, eta gero errekuperatu egin behar, gainera. Orduerdi denbora asko da", zioen Altunak. Erritmoarekin ere asmatu egin behar, "hasieran azkar hasi ginen, eta gero erritmoa pixkat jaitsi egin genuen". Gogorra, paliza... baina "gustura" gelditu dira denak.