Mikel Uribetxeberria azpeitiarra publizitate arloan ezaguna da, hainbat sari irabazi dituelako bere lankide Mikel Aguadorekin batera. "Besteak beste, Euskaltelen Patxi eta Bilboko Athleticak kamisetak iragartzeko egin zuen spotaren sortzaileetakoak ditugu", dakar Argia aldizkariak. Argiak elkarrizketa egin dio Mikel bikoteari eta publizitateaz jardun dute.
Lan polita dutela dio Uribetxeberriak, nahiz eta nahiko lan gogorra izan. Hala ere, gustura dabiltzalako jarraitzen dute lan horretan: "Goian egon nahi izanez gero, erabat lotu behar zatzaizkio. Eta horrek zera esan nahi du: beste gauza askori uko egitea. Guri asko gustatzen zaigu, hala ez balitz beste lanbide bat hartuko genuke".
"Sormenik gabeko mezuak bide zaila" omen dute, eta Euskal Herrian are zailago, "oraindik salmenta kultura
falta" delako; "nik esango nuke ekoizle onak garela, baina saltzaile txarrak", dio Uribetxeberriak. Gainera, Euskal Herrian ez omen da diru asko inbertitzen publizitatean, baina horrek badu alde on bat: "Oraindik aurrekontu eskasekin gabiltza, baina nire ustez horregatik da hain ona egiten dugun publizitatea edo egin dena, diru falta horrek kreatibitatea potentziatu duelako".
Kontu horietaz eta gehiagoz hitz egiten dute elkarrizketan.