Ostiral gauean jokatu zen Izarraitz pilotalekuan Azpeitiko VI. Erremonte Txapelketaren finala. Ikusmin handia zegoen bi jokalari azpeitiarrek aurrez aurre jokatu behar zutelako. Ion eta Urko Etxeberria anaiak finalean elkarren kontra aritu ziren. Ion Etxeberriak Agirresarobe oriotarrarekin jokatu zuen; Urkok, berriz, Aizpurua II.a tolosarra izan zuen lagun finalean.
Partidaren hasieran oso parekatuta aritu ziren gorriak eta urdinak. Berdinduta heldu ziren hamargarren tantora. Hortik aurrera, urdinek, Urkok eta Aizpurua II.ak, abantaila hartu zuten 17 tantuko aldea lortzera iritsiz, 12-29. Amaieran, gorriek ezin izan zuten aldea txikitu, eta partida osoan atzetik ibili ondoren 27-40 markagailuarekin konformatu behar izan zuten. Aipatzekoak dira Urko Etxeberriak sakez lortutako 10 tantuak, hor egon baitzen garaipenaren giltza. Beraz, aurtengo txapela Urko Etxeberria eta Aizpuru II.arentzat izan da. Kandido Mitxelena Udaleko Kirol batzordeburuak, Julian Kortajarena zinegotziak eta Juan Antonio Ercilla Galarretako gerenteak eman zizkieten sariak jokalariei.
Urko Etxeberria gustura zegoen partida irabazi ondoren, "orain bi urte galdu egin baikenuen. Gaur sakearekin asmatu egin dut, saketik tarteak dominatu ditugu". Finalean anaiaren kontra jokatzeari buruz, biak finalera iristea "gauza polita" dela adierazi zuen Ion Etxeberriak.