Hasi dira Amuko zubi ondoan biribilgune berria egiteko lanak

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 6a, 12:07

Amue zubiaren ondoan, errepidearen beste aldean, biribilgune berria eta Arcelor Corrugadosen aparkalekua egiteko obrak hasi dira; errepideaz bestalde dauden bi industriaguneek bat egingo dute.

Arcelor Corrugadoseko kamioientzako aparkaleku pribatua egingo dute, eta baita oinezkoentzako pasabidea ere

Lanak urrirako bukatuta egongo direla uste dute Arcelorrekoek (www.urola-kostakohitza.info)

Beste biribilgune berri bat egiten hasiak dira herrian. Oraingoan, Amue zubiaren parean, errepidetik bestaldera, Arcelor Corrugadosen hasi dira egiten. Han, lehen kamioientzako aparkalekua zegoen, orain aparkalekuaz gainera rotonda egingo dute. Aparkalekua pribatua izango da, Arcelor Corrugadosena hain zuzen ere. Baina horrez gain biribilgunea batetik bestera pasatzeko oinezkoentzako pasabide bat ere egingo dute; hau errepide azpitik igaroko da. Lanak urrirako bukatuta egongo direla uste dute Arcelorrekoek.

Lanen kostua, Arcelor Corrugados Azpeitia, Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean ordainduko dute. Arcelorrekoek Hitzari adierazi diotenez, biribilgune berri honek "errepidez bi aldetara dauden industriguneak batuko ditu. Kamioiek Arcelorrera sartzeko norabide aldaketa oso arriskutsua daukate orain eta horrela hori saihestuko da".

"Biribilgune berria bukatzen denean, bukatutako produktuekin ateratzen diren kamioiak Gaztetik aterako dira, eta txatarrarekin datozenak Amue zubi ondotik sartuko dira enpresara", diote Arcelorrekoek.

Gaztekoa da azkena egin duten biribilgunea. Hau Landetan egin zen, Errezil eta Urraki arteko bidegurutzean. Bukatu berri duten biribilgune hori ere Arcelor Corrugadosek egin du. Enpresak beregain hartu du kostu osoa. Egindako azken biribilgunea Gaztekoa izan arren, inauguratutako azkena, eta egiten azkenaurrekoa, Jose Artetxe eta Sanjuandegi artekoa izan da, Azpeitiko gaur egungo saihesbidean dago hori. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren artean egin zen, eta urtarrilaren 26an inauguratu zuten.

Sanjuandegiko biribilgunearen inaugurazio egunean, herrian garraioaren inguruan errepideetan egin nahi dituzten azpiegiturei buruz jardun zuten. Bi eratara hobetu nahi dute Azpeitiko garraioa: batetik, saihesbide berria eginez eta bestetik, gaur egun dagoen saihesbidean hobekuntzak eginda. Sanjuandegiko biribilgunea zen horietako bat. Urtarrilean Julian Eizmendi alkateak epe motzera egiteko asmoak azaldu zituen: "Epe motzera hasiko diren lanen artean daude Garmendi gaineko biribilgunea eta Pogu parekoa". Pogukoa da, orain egiten hasi direna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide