Loiolarik ez balitz. Izenburua zirikatzailea denik ezin ukatuko dugu. Loiolako santutegia delako mundura exportatu izan dugun jesuitismoaren harrizko bihotza; eta, bihotz horrek, taupaka-taupaka, marraztu izan dituelako gure arteko literaturaren, politikaren, integrismo katolikoaren adar askoren traza nagusiak.
Urola bailarako mugak erabat gainditu ditu Loiolako basilikaren itzalak. Liburu hau da horren lekukotza bilduma argi bat. Euskal Herri osoko kulturgileen, elizkoien eta kronisten hitzak aurkituko ditu bertan irakurleak. Baita Euskal Herritik kanpokoenak ere. Ez zuen gutxiago merezi bere buruari Jainkoaren beso armatua deitu izan dion erakundearen eskuko marrak irakurtzeko ahaleginak. Atal laburrak, hemeroteka eta bibliografia lan joria bitartekari hartuta. Historia asko, anekdota ugari, sorpresa eta gogoeta iturri.
Loiolarik ez balitz zer izango ginatekeen orain, irakurleari dagokio erabakitzea, liburu mardul honetako orrialdeak irentsi ahala. On egin!