Garmendipen, futbol zelaiaren eta kiroldegiaren artean egiten ari diren obrari belar artifizialeko futbol zelaia dela antzemateko belarra botatzea besterik ez zaio falta. Astelehenean bertan, futbol zelaiaren instalazioak egiten hasiko dira, baina eguraldiak zerikusia izango du lan horien martxan. Udaleko arduradunek Hitzari adierazi diotenez, eguraldi lehorra behar baita: "Eguraldi txarra egiten badu ezingo dira lanak egin, baina eguraldi onarekin hamabost egunetan lanak bukatuta egongo dira".
Beraz, datorren futbol denboraldirako belar artifizialeko futbol zelaiko obrak bukatuta eta zelaia erabiltzeko moduan egongo da. "Gainontzeko kirol ekipamenduak, teniseko eta paddleko pistak egiteko obrak aurrera jarraituko dute, baina futbol zelaiaren erabiltzea ez dute eragotziko".
Bigarren faseko lanak
Dagoeneko, Garmendipeko kirol guneko bigarren fasea nork egingo duen erabaki du Udalak: Mondo Iberica SA izango da. Zaragozako enpresa bat da eta lurzoru eta kirol ekipamenduak egitea du egiteko nagusia. Garmendipeko kirol gunean belar artifizialeko futbol zelaia, teniseko bi pista eta paddleko beste bi pista egingo dira. Kirol ekipamenduez gainera, bertan autoentzako aparkalekuak ere egingo ditu Udalak.
Bigarren faseko lanak egiteko, Udalak Mondo Iberica enpresarekin 312.815 euroko (BEZ barne) aurrekontua egin du. Joan den hilaren 13an eman zen horren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta han adierazi zenez, kontratua hogei egunetan beteko da eta erabakia martxoaren 21ean alkateak eman zuen ebazpenaren bidez hartutakoa da. Garmendipeko kirol guneko lehen faseko lanak egiteko ardura Altuna Uria enpresari eman zion Udalak, eta lehiaketarako aurrekontu oinarria 1.096.286,15 eurokoa zen, BEZ zergaren %16a ere sartuta. Iazko abenduan eman zuten horren berri.